Ikus-entzunezkoen sektoreko euskal enpresa nagusietako batzuk Canneseko MIPCOMen izango dira datorren urrian

Bizkaie! 2009-07-17 15:44   Barriak

Oraingoan, euskal ordezkaritzea enpresa honeek osotuko dabe: 3Koma, Baleuko, Expressive, Flying Apple, MediaBost, Pausoka, Retelsat, Western Films, Somuga, Audiovisual 21, K 2000, Moztu Filmak eta Donostia Films.

Ikus-entzunezkoen edukiak produziduten dituen euskal enpresa nagusietako batzuk Canneseko MIPCOM azokan izango dira datorren urrian hirugarren urtez, Basque Audiovisual markaren inguruan batuta. Produktuen katalogoak Euskadin produzidutako formatu barritzaileenak eta arrakastatsuenak batzen ditu, besteak beste, denpora-pasarako saioak, dokumentariak eta animazinoa, Eiken Ikus-entzunezkoen Klusterreko iturriek jakinarazo dabenez.

Nahiz eta ikus-entzunezkoen sektoreko euskal enpresek azken hamarkadatan nazinoarteko merkatu eta azoka nagusietan etenbarik parte hartu, Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak bere jarduera indartzea erabagi eban eta horretarako Basque Audiovisual markan batutako ikus-entzunezkoen enpresen parte-hartze bateratua sustatu dau.

Nazinoarteko hainbat hitzordutan izan ondoren, marka sendotu egin da eta aintzatespena lortu dau Euskadin egiten dan ikus-entzunezko produktuaren ezaugarri moduan. Bestalde, enpresek alkarren artean lankidetzan jarduteko daben gaitasunaren adierazgarri bihurtu da, sektorearen guztien helburuak lortu ahal izateko.

Oraingoan, euskal ordezkaritzea enpresa honeek osotuko dabe: 3Koma, Baleuko, Expressive, Flying Apple, MediaBost, Pausoka, Retelsat, Western Films, Somuga, Audiovisual 21, K 2000, Moztu Filmak eta Donostia Films. 'Krisialdi honetan, gure asmo nagusia, hain zuzen be, enpresen nazinoartekotzea bultzatzea da, ziurbakotasun egoera honi aurre egiteko', azaldu dau Eikeneko zuzendari Itziar Menak.

Basque Audiovisualek 39 metro koadroko stand bat izango dau Canneseko Palais des Festivals dalakoan, Galiziako Ikus-entzunezkoen Klusterragaz batera, klusterren arteko lankidetzatik sortzen diran aukerak aprobetxatze aldera. MIPTVaren aurreko edizinoan bezela, Basque Audiovisualen erakusketa-esparrua ikus-entzunezko teknologiaz horniduta egongo da, enpresen produktuen erakusketa egokia egiteko helburuagaz. Ukimen pantaila bat izango dau, formatu handikoa, eta haren bitartez, profesionalek eskura izango dabe informazino guztia.

Basque Audiovisual markak, gainera, Internet bidezko on-line katalogo komertzial bat dauka (www.basqueaudiovisual.com), 'tresna ezin eraginkorragoa bezero eta lankide potentzialakaz aldez aurreko kontaktuak egiteko eta bilerak hitzartzeko, azokak irauten dauen bitartean'.

Hain zuzen be, iraila bitartean abian jarriko da sustapen kanpaina bat Internet bitartez. Aurkezpen mailing bat bialduko jake mundu osoan ikus-entzunezkoen sektoreagaz zuzenean loturea daben milaka kontakturi. Holan, Basque Audiovisualen on-line katalogorako sarbidea bultzatu nahi da, izan be, hor enpresa bakotxaren hartu-emonetarako datuak eta lanen aurkezpenak eskuragarri dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu