Quentin Tarantinok abiarazoko dau Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Bitxiak saila 'Inglourious Basterds' filmagaz
2009-07-14 13:59 BarriakChristoph Waltzek Aktore Onenaren Saria irabazi eban Cannesen pelikula honetan egindako interpretazinoagaitik, eta Donostian irailaren 18an emongo dabe Zinemaldiaren lehenengo egunean.
Quentin Tarantino zinemagile estadubatuarrak inaugurauko dau Donostiako 57. Zinemaldiko Zabaltegi-Bitxiak saila, Canneseko Zinemaldian aurkeztutako 'Inglourious Basterds' film barriagaz. Christoph Waltzek Aktore Onenaren Saria irabazi eban Cannesen pelikula honetan egindako interpretazinoagaitik, eta Donostian irailaren 18an emongo dabe Zinemaldiaren lehenengo egunean.
Espainian estreinau ez diran nazinoarteko zinemaldi garrantzitsuetako film nabarmenak batzen ditu Zabaltegi-Bitxiak sailak. Aurten Cannesen saritutako beste film batzuk be emongo ditue, besteak beste, 'Un prophete', Jacques Audiard-ena, Epaimahaiaren Sari Handia jaso ebana; eta 'Kasi az Gorbehaye irani khabar nadareh', bi aldiz Urrezko Maskorra lortu dauen Bahman Ghobadi zuzendariarena.
Canneseko Sail Ofizialean aurkeztutako denporaldi honetako film garrantzitsuetako batzuk be emongo ditue Donostian, adibidez, Ang Leeren 'Taking Woodstock'; Donostian bi aldiz parte hartu dauen Bong Joon-ho korearraren 'Mother'; eta Nobuhiro Suwaren eta Hippolyte Girardoten 'Yuki & Nina', oso kritika onak jaso dituana eta Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian aurkeztu ebena.
Cannes eta Sundance
'Precious' filma, Sundanceko Zinemaldiko arrakasta handia, Epaimahaiaren Sari Berezia, Mo'Niguerentzako Emakumezko Aktore Onenaren Saria eta Ikusleen Saria eroan zituana be Zabaltegi-Bitxiak sailean ikusgai izango da.
Gainera, Sundanceko World Cinema sailean Zuzendari Onenaren eta Gidoilari Onenaren sariak jaso zituan 'Five Minutes of Heaven' filma be emongo dabe. Irlandako terrorismoaren biktimen gaia jorratzen dau, adiskidetzeearen ikuspuntutik. 'Der Untergang' filmaren zuzendari Olivier Hirschbiegelek sinatu dau.
Woody Allenen lana be Donostian izango da, 'Whatever Works' komediaren bidez. Tribecako azken zinemaldia inaugurau eban, eta New Yorkera eroan dau zuzendaria barriro be Europan lau film egin ostean. Era berean, Amerikako Estadu Batuetako zinema garaikidearen beste zuzendari handietako batek, Jim Jarmuschek, Madrilen filmautako 'The Limits of Control' aurkeztuko dau.
Azkenik, antolatzaileek adierazo dabe datozen asteetan jakinarazoko dabela Zabaltegi-Bitxiak saila osotuko daben ganerako filmak zeintzuk diran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!