Sei euskal zinemagilek zine lantegiak gidatuko ditue Bilbao Arte eta Kultura ikastaroetan
2009-07-13 11:44 Barriak'Zinema tailerra: zinema mutuaren oihartzunak' izenburupean, garagarrilaren 13 eta 17 bitartean, Leioako Arte Ederretako Fakultatean zine lantegi bat egingo da, Bilbao Arte eta Kulturak (BAK) antolatuta.
'Zinema tailerra: zinema mutuaren oihartzunak' izenburupean, garagarrilaren 13 eta 17 bitartean, Leioako Arte Ederretako Fakultatean zine lantegi bat egingo da, Bilbao Arte eta Kulturak (BAK) antolatuta. Bizkaiko Campusean udako azken ikastaroa izango da hori eta Unibersidade horretako Ikus-entzunezko irakasle Patxi Urkijok koordinauko dau. Kepa Sojo, Enrique Urbizu, Koldo Serra, Nacho Vigalondo, Borja Crespo eta Borja Cobeaga euskal zinemagileek gidatuko dabe lantegia.
Ikastaroan, joan dan mendeko lehenengo hamarkadetan zine mutuak proposatutako narrazino teknikak aztertuko dira eta baita hori guztia entzunezko zinematografiara zelan eroan dan aztertu be. Gainera, lantegi praktikoak be izango dira, film labur xumeak eginez, zine mutuko sekuentziak filmatuz edota gidoiak idatziz. Ikastaroa publikoari zabalik egongo dan mahai-inguru bategaz zarratuko da. Mahai-ingurua hilaren 17an egingo da, 18:00etan, eta bertan irakasle guztiek parte hartuko dabe.
Enrique Urbizu Ikus-entzunezko Komunikazinoko irakaslea da Madrilgo Carlos III. Unibersidadean. Bere lehenengo zinemarako lana 'Tu novia está loca' (1978) izan zan eta, ordutik, hainbat film idatzi eta zuzendu ditu; horreen artean 'Todo por la pasta' (1991) eta 'La caja 507' (2002) nabarmentzen dira.
Borja Cobeaga donostiarrak oraintsu estreinau dau bere lehenengo film luzea, gaur egun karteldegian dagoan 'Pagafantas' izenburuko komedia, hain zuzen be. Hori baino lehen, hainbat film labur egin ditu, berbarako, 'Éramos pocos' (2007). Gainera, telebistan denpora luzez ibili da, Gran Hermano edo Vaya Semanita saioak eginez, errealizadore lanetan.
Nacho Vigalondok ospe handia lortu eban '7.35 de la mañana' film laburragaz eta 2004an, Oscar sarietan izentauta egon zan. Ordutik, telebistan gidoigile moduan egin dau lan eta, igaz, bere lehenengo film luzea estreinau eban, 'Los cronocrímenes0, (Karra Elejalde, Barbara Goenaga eta Vigalondo bera ditu protagonista).
Koldo Serra getxoztarrak, hainbat film laburrakaz nabarmendu ondoren, 2006an aurkeztu eban Donostiako Nazinoarteko Zinemaldian 'The Backwoods' (Bosque de sombras), Gary Oldman, Aitana Sánchez Gijón eta Lluis Homar aktoreakaz. Egun, telebistarako fikzino lanak egiten ditu.
Kepa Sojo Gasteizko Historia Fakultadean doktorea da. 'Cien maneras de hacer pollo al chilindrón' (2007), 'Looking for Chencho' (2000) eta 'Cuando puedas' (2004) film laburrak zuzendu ditu, baita 'El síndrome Svensson' (2006) film luzea be.
Borja Crespo zine- eta arte-kritikaria, gidoigilea eta komiki marrazkilaria da. Bi film labur egin ditu: 'Gárgaras' (1998) eta 'Snuff 2000' (2002). Bi urtez Bilboko Zine Fantastikozko Jaialdiaren programazinoa koordinau eban, eta beste hiru urtez Peñiscolako Zine Komikoko Jaialdia zuzendu eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!