Borja Cobeaga zinegileak Bilbon aurkeztu dau 'Pagafantas' izeneko bere lehen film luzea
2009-06-29 18:41 BarriakGaztea izan arren, Borja Cobeaga (Donostia, 1977) zinema munduko egilerik nabarmenenetakoa da dagoeneko; 2007an Oscarretarako izentapena jaso eban ‘Éramos pocos’ film laburragaitik eta 2001eko Goya sarietarako hautagai izan zan ‘La primera vez’ lanari esker esker. 'Pagafantas' filmagaz, Kritikearen Saria lortu dau Malagako Zinema Espainiarraren Jaialdiaren azken edizinoan.
Borja Cobeaga zinegile donostiarrak Bilbon aurkeztu dau gaur goizean, Bizkaiko uriburuan filmatutako 'Pagafantas' izeneko bere lehen film luzea. Bilboko Udalak filmaren produkzinoan parte hartu dau Bilbao Film Comission (BiFiC) dalakoaren bitartez. Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko ikusentzunezko sustapenerako udal bulego honek Bilbo uria filmaketa-lekutzat sustatu eta bultzatzea dau helburu. Edozelan be, Telespan 2000, Antena 3 Films eta Sayaka ikus-entzunezko produkzino-etxeen artean egindako koprodukzinoa da. Lan honek ETB eta Bilboko Udalaren laguntzinoa be jaso dau.
Cobeaga gaur goizean agertu da komunikabideen aurrean filmaketa-taldeko eta produkzinoan parte hartu daben enpresa eta erakundeetako ordezkaritza zabal baten ondoan. Beragaz batera azaldu dira Gorka Otxoa, Sabrina Garciarena, Julián López eta Óscar Ladoire antzezleak; filmaren produkzinoaz arduratu diran Mercedes Gamero, Tomás Cimadevilla eta Mikel Lejarza (Antena 3 Televisión-eko zuzendari nagusia), eta Iñaki Lopez de Agileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria.
Gaztea izan arren, Borja Cobeaga (Donostia, 1977) zinema munduko egilerik nabarmenenetakoa da dagoeneko; 2007an Oscarretarako izentapena jaso eban ‘Éramos pocos’ film laburragaitik eta 2001eko Goya sarietarako hautagai izan zan ‘La primera vez’ lanari esker esker. 'Pagafantas' filmagaz, Kritikearen Saria lortu dau Malagako Zinema Espainiarraren Jaialdiaren azken edizinoan. Horrezaz gan, Cobeagak gidoigile eta zuzendari lanetan jardun dau telebistako arrakasta handiko saioetan, 'Vaya semanita', 'Splunge' edota 'Agitación + IVA' tarteko dirala.
Gorka Otxoa antzezlea, 'Vaya semanita' saioan ibilitakoa da komedia gazi-gozo honen protagonistea. Pantaila handirako bere lehen lan honetan, Txema edo Pagafantas izeneko pertsonaiarena egiten dau. Filmari izenburua emon deutson Pagafantas berbea Coeagak asmautakoa da, 'neska ederren atzetik, zeozer lortzeko esperoan baina zeozer lortzeko esperantzarik barik dabilen inuzentea' deskribiduteko asmoz. Txemaren amesetako neska Claudia da, eta pertsonaia honetarako, euskal jatorria dauen Sabrina Garciarena, antzezle argentinarra aukeratu da, Espainian ‘Cuestión de sexo’ lako serietan lan egin izan dauena (azken honetan Gorka Otxoa be agertzen zan).
Horreekaz batera, luxuzko aktore sekundario moduan, ospe handiko artistak be agertzen dira, besteak beste, Kiti Manver (‘Todo por la pasta’, ‘La comunidad’, ‘Mujeres al borde un ataque de nervios’, ‘La flor de mi secreto’ edo ‘Los abrazos rotos’), Óscar Ladoire (‘Patrimonio nacional’, ‘Carreteras secundarias’, ‘Las edades de Lulú’ edo ‘El viaje a ninguna parte’) eta María Asquerino (‘La comunidad’, ‘Nadie hablará de nosotros cuando hayamos muerto’, ‘Ese oscuro objeto de deseo’ edo ‘Surcos’). Antzezle-zerrendea osotuz, Michel Brown (‘Pasión de gavilanes’) eta ‘Muchachada nui’ eta ‘La hora chanante’ dalakoetan lan egin daben Julián López eta Ernesto Sevilla be agertzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!