III. Cinegourland: zinea eta gastronomia buztarturik Getxon

Bizkaie! 2009-06-19 10:54   Barriak

Cinegourland Jaialdian zehar ikusi ahal izango dira, besteak beste, gastronomiari lotutako zenbait proiekzino, egungo sukaldaritzako platerrik ederrenen erakustaldia eta sukaldaritzearen ganeko ikus-entzunezko ikasgaia. Getxoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta BBKren babesa dauka.

Andoni Aduriz, Errenteriako Mugaritz jatetxeko chef ospetsuak zabalduko dau datorren eguaztenean, hilaren 24an, 18:00etan eta Kirol Portuko karpapean, III. Cinegourland ikus-entzunezko zine eta gastronomiaren Jaialdia. 'Zineko Pintxoak' Lehiaketearen deialdia, 'bost Michelin izardun' diran bost sukaldari bizkaitarren (Xabier Garcia, Eneko Atxa, Andoni Arrieta, Daniel Garcia eta Fernando Canales) presentzia eta Juan Echanove aktoreagaz egingo dan hitzaldi-mahainguru-proiekzinoa, eta Pedro Subijana sukaldariak, Jose Luis Cuerda zine zuzendaria eta Aizpea Goenaga zuzendaria, zinea eta gastronomiaganako erakutsitako maite-suagaitik, sarituko dituen 'Cinéfilos y Gourmets' Sariak dira, Getxon 'Cinegourland' Ikus-entzunezko Zine eta Gastronomiaren Jaialdiaren harira preparautako ekitaldietako batzuk. Bagilaren 24tik 27ra egingo da udalerriko hainbat lekutan, batez be Kirol Portuan, baina baita Portu Zaharrean, San Joseren Jauregian eta High Tech Tamarises Hotelean be. Jaialdian zehar ikusi ahal izango dira, besteak beste, gastronomiari lotutako zenbait proiekzino, egungo sukaldaritzako platerrik ederrenen erakustaldia eta sukaldaritzearen ganeko ikus-entzunezko ikasgaia. Getxoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta BBKren babesa dauka.

Getxoko alkate Imanol Landa pozik agertu da Getxok ezaugarri horreetako jaialdia hartuko dauelako 'herritik kanpo gure udalerriaren eta Bizkaiaren, bere elementu turistikoen, ostalaritzearen, merkataritzearen eta kulturearen irudi atsegin, erakargarria eta iradokitzailea emonaz'.


Pintxo Lehiaketea

Getxoko Udalak I.go Zineko Pintxo Lehiaketea antolatu dau, bagilaren 20tik 26ra. Bertan 13 taberna eta jatetxek emon dabe izena. Honeek zineagaz lotutako pintxoak sortu, egin eta eskainiko ditue: pintxoaren izena edo izenburua dala, osogarrien edukia dala edo zineagaz beste loturaren bat erakusten dala. Epaimahaiak 5 pintxo aukeratuko ditu finalerako eta bagilaren 27an, zapatuan, finalista diran 5 pintxoen egileak euren artean lehiatuko dira zuzenean Kirol Portuan jarritako karpapean, eta bertan epaimahaiak irabazlea nor dan erabagiko dau. Diru-saria 1.500 euro eta garaikurra izango da.


Bost izarduneko sukaldariak

Michelin izar bana jaso daben bost sukaldari bizkaitarrek profesional ezagunen aurrean erakustaldia egingo dabe San Joseren Jauregian bagilaren 26an. Xabier García, Amorebieta-Etxanoko 'Boroa' jatetxekoa, 'Foie-Graseko bonboia krispetetako estaldureagaz' errezeteagaz mahaikideak harritzen saiatuko da; Eneko Atxak, Larrabetzuko 'Azurmendi'-koak, bere azkeneko proposamena, 'La Huerta' izenekoa, aurkeztuko dau, Madrileko Hotel 'Villa Magna'-n daukan jatetxean arrakasta lortzen ari dana, hain zuzen; Galdakaoko 'Andra Mari'-ko Andoni Arrietak legatza moluskuen eta perrexilen saltseagaz proposatuko dau; Daniel Garcíak, Bilboko 'Zortziko'-koak, baserriko oilasko Eusko Labelduna preparauko dau; eta Fernando Canalesek, Bilboko 'Etxanobe' jatetxekoak menua zarratuko dau Arraultza Frijitua postreagaz, mamian eta arrautz gorringoan oinarritutako ikus-amarrua. Ondoren, Estaduan gorantza doazen beste gastronomien aurrean Bizkaiko sukaldaritzearen errealidadeaz eztabaidatuko dabe.


Beste jarduera batzuk

Juan Echanove aktore ezagunak 'Materia prima: regreso al futuro' izenburuko hitzaldi-mahingurua eskainiko dau. 'La Granja de Rosendo', baserriko produktuen benetako gustua eta noblezia berreskuratu nahi dauen farm food proiektuaren ganeko azalpenak emongo ditu. Mahinguru honetan beste gai batzuk be aztertuko ditue: elikagai tradizionalen agortze edo gain-ustiatzea, idiliko ezeze nekazaritzea suspertzeko beharrezkoak diran negozio honeen errentagarritasuna, eta abar. Era berean, 'Cómo nos ven' eta 'El crepúsculo de la crítica gastronómica' debateak egingo dira.

Proiekzinoen artean, gastronomia zinemaren bi 'bitxi pantailaratuko ditue, hau da, Ted Kottcheffen 'Pero quién mata a los grandes chefs?' eta Juzo Itamiren 'Tampopo', besteak beste.

Horrezaz gan, zinemako ardaoen dastaketak be egongo dira, 'Sabores y paisajes' izenpean Urdaibaitik eta Txinbitoan txangoak, sektoreko profesionaleentzat, eta 'Look & Food-La arquitectura gastronómica' erakusketea. Azken honek egungo sukaldaritzearen plater ederrenen argazkiak batuko ditu Kirol Portuko karpapean.

Barikuan, bagilaren 26an, San Joseren Jauregian (Zugatzarte Etorbidean) 'Cinéfilos y Gourmets' sariak banatuko dira, bere bizitzan zehar bi arte honeen gainean adorea erakutsi daben personen (aktoreak, zuzendariak, idazleak...) artean. Sarituen artean, Juan Echanove aktorea, José Luís Cuerda zuzendaria, Pedro Subijana sukaldaria, Daniel Vazquez Sallés ('Comer con los ojos' liburuaren idazlea), eta José Luis López Linares ('El pollo, el pez y el cangrejo real'), kritikariek 'gastronomiako historiako lehen thriller' izentau daben dokumentalaren zuzendaria; Aizpea Goenaga zine zuzendaria, 'Sukalde Kontuak' euskerazko filmagaitik, eta AEBetako kazetari gastronomiko ezaguna dan Gerry Dawes azpimarra daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu