Praktika artistikoa eta gogoetea tartekatuko dira EHUko Bilbao Arte eta Kultura udako ikastaroetan
2009-06-16 18:37 jardunaldiakDanetara, 25 ikastarok eratuko dabe Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Bilbao Arte eta Kultura (BAK) udako ikastaroen hamargarren edizinoa eta aurten, praktika artistikoa eta gogoetea tartekatuko ditue ikastarook.
Danetara, 25 ikastarok eratuko dabe Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Bilbao Arte eta Kultura (BAK) udako ikastaroen hamargarren edizinoa eta aurten, praktika artistikoa eta gogoetea tartekatuko ditue ikastarook. Zenbait arlotan banatuta egongo dira: arte eszenikoak (teknikariak); arteak, teknologiak eta museoak; zinema, arte eszenikoak eta literaturea; hezkuntzea eta komunikazinoa; gizarte-gaiak; musikea; eta jantzea.
Eskolak Bizkaiko lau udalerritan emongo dira: Bilbon (Euskalduna Jauregian, Guggenheimen, Bilbao Arten, Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan, EHU-BBK etxean eta EHUk Sarrikoko parkean dituan txaletetan); Leioan (EHUko Arte Ederren Fakultadean); Basaurin (Social Antzokian); Mungian eta Gueñesen. EHUk, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailaren, Bilboko Udalaren eta Bilboko Portuaren laguntzinoa izan dau ikastaroak antolatzeko.
Bost ikastarotan artea izango da aztergai, baina hainbat ikuspegitik, besteak beste, teknologiatik (dispositibo interaktiboei buruzko tailer praktiko baten bidez), erabiltzailearen ikuspegitik (aintzat hartuz zelan aldatu dan ikuslearen rola), sormenaren eta narratibidadearen ikuspegitik (Bilboko Guggenheim museoagaz batera laugarren aldiz emongo dan ikastaroan) eta ondarearen ikuspegitik (artea museoratzeko bestelako erak aztertuz). Peter Greenaway artista eta zinemagile galestarrak, Francesc Torres artista kataluniarrak eta Jac Leirner brasildarrak parte hartuko dabe, besteak beste.
Arte eszenenikoetan, teknikarientzako ikastaroez gan, antzerki, zinema eta telebistaren arteko joan-etorriak aztertuko dira, Malika Chaveau eszenagile paristarra eta Xavier Durringer, Mario Camus edota Patxo Telleria zuzendarien parte-hartzeagaz. Gainera, Nacho Vigalondok eta Borja Cobeagak zine-zuzendaritzeari buruzko tailer praktikoa zuzenduko dabe bigarren aldiz eta irakasleen artean Enrique Urbizu eta Koldo Serra nabarmendu daitekez.
Edizino honetan, bestalde, komunikazinoak aparteko garrantzia hartuko dau hauteskunde eta telebistari eta euskerako komunikazinoari buruzko ikastaroetan. Euskal Herriko eta Kataluniako gaur egungo ipuingintzea be aztertuko da, Ramon Llull Institutuagaz alkarlanean. Beste batzuen artean, Marius Serrak, Lolita Boschek, Eider Rodriguezek eta Jokin Muñozek hartuko dabe parte ikastaroan.
Jantzea eta musikea
Jantzan, barriz, aurreko edizinoan egindako apustua berretsi da, jantza tradizionaleko ikastaroagaz. Aurten Patxi Larraldek emongo dau, Baztango folklorista garrantzitsuenetako batek. Era berean, jantza garaikideko ikastaro bat eta jantza klasikoko koreografien sorkuntzeari buruzko ikastaro bat be izango da, azken hau Robert Pooleren eskutik. Gainera, jantza-mintegia be izango da, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko 'Dantzan Bilaka' programeagaz lankidetzan.
Bestetik, honezkero ondo finkatuta dagozan musika ikastaroetan, entzute handiko irakasleak izango dira, besteak beste, Josep Colom piano-jolea, Jose Luis Estelles klarinetistea, Keiko Wataya biolin-jotzailea, Ana Luisa Chova kantaria, Alexei Ogrintxuk oboe-jotzaile errusiarra eta Robert Van Size perkusionista estadubatuarra. Ikastaro praktiko honeei gehitu jake aurten musika garaikideari buruzko ikastaro teoriko bat, Maria Eugenia Luc eta Teresa Catalan konpositoreek emongo dabena, beste irakasle batzuen artean.
Azkenik, hezkuntzeak eta bestelako gai sozialek be tokia izango dabe aurten; berbarako, immigrazinoak hizkuntzan eta eskolan daukan eragina aztertuko da, eta hausnarketea egingo da gaur egungo krisi ekonomikoaz ikuspegi solidariotik. Azkenik, eta Bilbao Metropoli 30egaz lankidetzan, biltzar-jauregiek urian daben eragina aztertuko da. Ikastaro horretan, Charles Langry nazinoarte mailako uri garapenean puntako aditua izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!