Sukaldea, euskal gizartearen metaforea
2009-05-21 11:22 BarriakEuskeraz filmauta, 'Sukalde Kontuak' Donostiako sukaldaritza eskola batean girotuta dago. Bertan parte hartu dabe Isidoro Fernández, Loli Astoreka, Mikel Losada, Marivi Bilbao, Aitziber Garmendia, Galder Pérez, Gorka Aginagalde, Robert Tananta eta Barbara Goenaga aktoreek, besteek beste.
Sukalde batean gertatzen da, baina ez da sukaldaritzeari buruzko filma. Altxorrak, polizia ustelak, mafiosoak eta zerraldoak be badagoz, baina ez da genero baltzeko pelikulea. Komedia hutsa da, endreduzkoa eta korala, hau da, Aizpea Goenaga zuzendariak gehien maite dauen genero mota.
'Sukalde kontuak' Goenagaren lehen film luzea da. Aktore ezagun donostiarrak urte asko daroaz gidoilari eta zuzendari lanetan, bai telebistan, baita antzerkian be. Telebistarako 'Zeru horiek' filma zuzendu eban 2005ean, Bernardo Atxagaren izen bereko nobelan oinarritua. Kamera atzeko lehenengo esperientzia horren ondoren, ames egiten eban Aizpea Goenagak zinerako film luze bat egiteagaz. Amesa egia bihurtu da eta 'Sukalde Kontuak' datorren barikuan, maiatzak 22, estreinauko da Euskal Herriko aretoetan, baita Espainiako hainbat urikoetan be.
'Bizitza honetan, erronkak jarri behar deutsazuz zeure buruari. Nik suberte handia izan dot, talde guztia nire alde egon dalako, guztiek sinistu dabelako pelikulan eta burrukatu be egin dabelako haren alde', esan dau Goenagak.
Euskeraz filmauta, 'Sukalde Kontuak' Donostiako sukaldaritza eskola batean girotuta dago. Bertan parte hartu dabe Isidoro Fernández, Loli Astoreka, Mikel Losada, Marivi Bilbao, Aitziber Garmendia, Galder Pérez, Gorka Aginagalde, Robert Tananta eta Barbara Goenaga aktoreek, besteek beste. Oskar Jaenada aktore espainarrak, Oscar Terol komikoak eta Juan Mari Arzak eta Martin Berasategi sukaldariek be kameoak egiten ditue. Igazko zemendian filmau eben, Donostian eta Errenterian.
Zuzentzeaz gan, Goenagak berak idatzi dau egoera xelebre ugari pilatzen dituan gidoi 'sinplea'. 'Istorio hau nire bizitzaren une dramatiko batean sortu zan' —azaldu dau zuzendariak-. 'Nire beste egitasmo batzuk porrot egin eben eta zeozer dibertigarria behar nebala esan neutson nire buruari. Beraz, nik neronek nahi nebalako idatzi neban filma, barrutik urten jatan barrutik. Nire inguruko kontuak ikusi eta horreekaz osotu neban istorioa'.
Istorio ia osoa sukalde batean gertatzen da. 'Sukaldeak oso ondo ordezkatzen gaitu. Gure herria, gure gizartea irudikatzen dau sukaldeak. Metafora bat da, niretzat', Goenagaren berbetan. Areto horretan, danetarik pasetan da eta korapiloa sortzeaz gan, hainbat gai be azalaratzen dira: diruzalekeria, etorkinen lan egoerea, amodioa, heriotzea, sukaldari handiakazko miresmena... Hau dana, naturalismotik urrun dagoan tono batean kontatua. 'Film mutuek erabilten eben umore kodigotik hur dago, baina, era berean, pertsonaiek parra-parra berba egiten dabe', esan dau Goenagak.
Pertsonaia guztiek euskeraz berba egiten dabe, baita etorkin hegoamerikarrek be; 'nire buruan euskeraz irudikatu neban istorioa. Fikzinoa danez, eta fikzinoan ohituta gagozanez txinatarrek be gaztelaniaz entzuten, erabagi neban nire filman guztiek berba egingo ebela euskeraz', esan dau Goenagak. Robert Tanantak etorkinaren papera egiten dau. 'Euskeraz ikasten ari naiz eta oso aberasgarria iruditzen jat atzerritarrok be euskeraz berba egitea, bai zineman, bai eguneroko bizitzan be', esan dau Bilbon izan dan filmaren aurkezpenean.
Euskal Herrian eta Espainiako hainbat aretotan euskerazko jatorrizko bertsinoan -erderazko azpitituluakaz- estreinauko da 'Sukalde Kontuak'. Zurriola Group Entertainment produkzino etxeak preparau ditu gaztelaniaz bikoiztutako kopia batzuk eta hizkuntza horretan be banatuko da filma.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!