Maiatzaren 3tik 10era Bilbo zinema fantastikoaren uriburu bihurtuko da
2009-04-29 14:35 BarriakFant, Bilboko XV. Zinemaldi Fantastikoa datorren domekan, maiatzaren 3an, hasiko da, eguerdiko 13:00etan, Gaitzerdi antzerki taldeak Bailen kalean eskainiko dauen antzezpenagaz.
Fant, Bilboko XV. Zinemaldi Fantastikoa datorren domekan, maiatzaren 3an, hasiko da, eguerdiko 13:00etan, Gaitzerdi antzerki taldeak Bailen kalean eskainiko dauen antzezpenagaz. Arenalen amaierea izango dauen kalejiran, zinemaldiaren aurtengo edizinoko kartelak iradokitzen dauen giroa zabalduko dau taldeak.
Egitarauari jagokonez, sail ofiziala Capitol Aretoan abiatuko da astelehenean, 19:45ean, fantasia giroko 'Absurdistan' komedia alemaniarragaz. Lehiaketan parte hartuko daben film guztiak lehenengo aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon, besteak beste, 'Aparecidos' hispano-argentinarra, Pablo Cabezas-ek zuzendutakoa; 'Rumba' frantziarra, Dominique Abel-ek, Fiona Gordon-ek eta Bruno Romy-k alkarlanean zuzendutakoa; 'Sleep Dealer' AEB eta Mexikoren arteko koprodukzinoa, Alex Riverak eginikoa; 'Terribly happy' daniarra, Henrik Ruben Genz-ena; 'Tokyo!' frantziarra, Michel Gondry-k, Léos Carax-ek eta Bong Joon-ho korearrak zuzendutakoa, eta Fabrice du Welz-ek zuzendutako 'Vinyan' koprodukzino franko-belgiar-britainiarra, Emmanuelle Béart protagonista dauena.
Bilbao Grindhouse saila izango da aurtengo barrikuntzetako bat. Berba hori erabilten eben AEBetan bideoa agertu aurretik egiten zan kalifikazino txarreko zinea deskribiduteko. Esangura horretan, antolatzaileek 70. hamarkadako auzoetako zinema-aretoak berreskuratu nahi ditue eta, horretarako, areto hareetako bat gogoratuko dau, San Frantziskoko Salón Vizcaya izenekoa. Saioak zinema-areto hori egon zan lekutik hur egingo dira, San Frantziskoko Udaltegiko ekitaldi-aretoan, hain zuzen. Ondoko filmak ikusgai egongo dira bertan: 'Phenomena' (Dario Argento, 1985), 'The Land that Time Forgot' (Kevin Connor, 1975), 'Santo y Blue Demon contra Drácula y el Hombre Lobo' (Miguel M. Delgado, 1973), 'Cronos' (Guillermo del Toro, 1993), 'Bubba Ho-Tep' (Don Coscarelli, 2002) eta George A. Romero-ren bi film: lehen aitatutako 'Night of the Living Dead' (1968) eta 'Day of the Dead' (1985).
Era berean, 'Fantastikoaren Maisuak' sailean bi film klasiko barrikusteko aukerea egongo da. Lehenengoa Terence Fisher-en 'The Mummy' filma izango da, Peter Cushing eta Cristopher Lee protagonista dituana. Horrezaz gan, 'The Other' pantailaratuko dabe, Robert Mulligan zinegile estadubatuarrak egindako bildurrezko film bakarra.
Beste alde batetik, 'FANT Laburrean' atalean, nazinoarteko 12 film laburrez osotutako aukeraketea eskainiko dabe, eta hurreratzen diran ikusleek emondako puntuazinoaren arabera, lan horreetako batek ohorezko saria jasoko dau. Sari honi jarraipena emon gura deutse ondorengo edizinoetan. Ganera, 'Nontzeberri Gaua' ekitaldian, publikoak, nontzeberri kultur atariak antolatzen dauen Nontzefilmak Animazino eta Fikzinozko Film Laburren Lehiaketara aurkeztutako lanen aukeraketa bat ikusteko aukerea izango dau. Amaitzeko, Scifiworld aldizkariak eratutako Shots lehiaketara aurkeztu diran lanik onenen aukeraketa bat pantailaratuko da.
Kontuak kontu, ondokoak dira Sail Ofizialeko epaimahaia osotuko daben hiru profesional bilbotarrak: Pablo Berger zuzendaria ('Torremolinos 73'), Leire Berrocal zinema eta telebistako antzezlea eta Haritz Zubillaga, film laburrak eginez osotu dauen aldi arrakastatsuaren ondoren, lehen film luzea preparetan dabilen zuzendaria.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!