Zeanuri, errotarik errota
2009-04-28 13:52Oinezko martxa honen helburuak ondokoak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea.
Gure geografiako ingurumariak ezagutzeko erarik egokiena oinez ibiltea eta bazterrak arakatzea da. Eta aukera hori eskaintzen dabe datorren maiatzaren 3rako Ipizki eta Joko Alai alkarteek Zeanuriko Erroten IV. Ibilaldiaren antolaketeagaz.
Oinezko martxa honen helburuak ondokoak dira: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak: danetara, hamazortzi (gehienak bertan behera itxita, baina beste batzuk zaharbarrituta), danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar hamaikaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta bitan (Ibargutxin eta Olabarrin) sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.
Aurreko hiru urteakaz alderatuz, aurten ibilbidea apur bat labururragoa izango da, Zulaibartik Karpoko zubira (Areatza) eta hemendik Asterriara joian tartea kendu egin dabelako antolatzaileek, eta, bere ordez, Altzusteko erroten bidea sartu dabe. Holan, ibilbidearen azken zatian egoan asfaltodun tartea, orain hasieran egongo dan pistadun tarteak ordezkatuko dau.
Urteerea herriko plazan izango da, goizeko 9:00etan, eta ibilbide osoa egiten dabenek 18 bat kilometro beteko ditue. Plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik pasau ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek. Urtegia atzean itxi bezain laster Barrengoerrotea, Erdikoerrotea eta Goikoerrotea topauko ditue, hirurak Beretxikorta errekatxoaren ertzean eta 500 metroko tarte baten barruan. Urretxi izeneko baserrien ingurutik aurrera eginez, Undurraga auzunera bajauko dira Ibargutxiko errotarako bidea hartzeko; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusteko aukerea izango dabe.
Ibargutxitik Lanbreabeko errotara, eta hemendik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsie (oraingoan beste aldetik) San Lontzo baseleizarantz zuzentzeko. Ermitearen aurrean indarrak barritzeko jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábricak, eta aurrerantzean ibiltariek Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroan sartuko dira; helmugea baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa (Pujana familiak zaharbarritua), eta bisitetako aukerea izango da, ate batetik sartuz eta bestetik urtenaz, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik. Olabarriko erroteak hiru harri daukaz eta, gehienbat arrazoi sentimentalakaitik bada be, betiko bezeroen eskariari erantzuteko lanean darraien Zeanuriko errota bakarra da. Benigno Pujana (herriko azken errotari profesionala) hildakoan, bere alaba Ana Mari izan da lekukoa hartu dauena, azken ehun eta hamaika urteetan familiaren ogibidea izan dan ofizioa bizirik mantentzeko.
Errotearen ondoan burdinolearen arrastoak azaltzen dira eta gaur egun, hormak zaharbarritzen dabilz. Burdinolean erabilitako balantzea be errotan gordeten da.
Errotagintzeari buruzko gorabeherak ezagutu gura dituenek Olabarrira hurreratzea baino ez daukie, Pujana familiak bisita gidatuak antolatzen ditu eta.
Kontuak kontu, ibilbidea amaitutakoan, 18 kilometro eroango ditue oinetan ibiltariek, baina seguru hitzorduari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gan, udabarrian natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Ibilaldiari buruzko zehetasunak
* Izena emotea: 08:30etik aurrera, herriko plazan (2 €).
* Urteerea: 9:00etan.
* Ibilbidea: 18 kilometro inguru.
* Jan-edana: San Lontzo ermitearen aurrean jan-edana banatuko dau Gastronomía Cantábricak.
* Errotak lanean: ibilaldiaren hasieran Ibargutxiko errotan eta amaieran Olabarrikoan sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe ibiltariek.
* Antolatzaileak: Ipizki Taldea eta Joko Alai Elkartea.
* Laguntzaileak: Gastronomía Cantábrica, Lankidego Lantalde, Zeanuriko Udala, Gorbeialde, Sagarna Txokoa eta Zeanuriko Jubilatuen Tabernea.
Informazino gehiago: www.ipizki.com edo telefono honeetan: 653016117 / 946739287
Zeanuriko errotak
Ander Manterolak bere 'Industrias tradicionales en Zeanuri (Bizkaia). I. Molinos harineros' ikerketa lanean dinoanez, XVIII. gizaldiaren amaierarantz Zeanurin sei burdinola eta hamazortzi errota egozan. Ordutik hona jarduera biak indarra galduz joan dira, holan burdinolen krisiak lantegi horreen desagerpena ekarri eban XIX. gizaldiaren bigarren zatian. Gainbehera horren ondorioz, jente asko laborantzara itzuli zan; nekazaritzara lur gehiago zuzentzeak eta, aldi berean, gora egin eben laboreen uztak eihotzeko premineak erroten beharrizana ekarri eban. Ondorioz, burdinola batzuk errota bihurtu ziran, hori pasau zan Lanbreabegaz, Ibargutxigaz, Altzibergaz eta Olabarrigaz.
Bestalde, erroten agonia XX. mendearen erdialderantz larriagotu egin zan. Orain dala 45 urte Zeanurin 11 errota lanean baegozan, 1979an 3k bakarrik eihotzen eben, euretako bik etxerako; gaur egun, batek bakarrik egiten dau lan eta berak era testimonialean, Olabarriko erroteak, hain zuzen be; beste bat, Ibargutxikoa, noizean behin jarten dabe martxan.
Zeanurin ezagutu diran errota guztiak hidraulikoak izan dira eta udalerriko lau erreka nagusien inguruan eregi ziran:
*Arratia errekea: Lanbreabe, Ibargutxi, Alkiber, Errotabarri, Altziber eta Olabarri.
*Beretxikorta errekea: Goikoerrotea, Erdikoerrotea, Barrengoerrotea eta Undurraga.
*Uribeko errekea: Atxiti, Intxaurbe, Axpe eta Zulaibar.
*Asterriko errekea: Ibarre, Landaburu, Akeuri eta Uribiarte.
Hamazortzi errota horreetatik lau burdinola izan ziran: Lanbreabe, Ibargutxi, Altziber eta Olabarri. Beste bi ola be egon ziran: Olazar eta Undurragako Olabarri.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!