Euskal Filmategiak 'Bertsolaris, poetas populares vascos' (1967) filma aurkeztu dau Donostian
2009-04-24 15:50 BarriakDokumental honetan Pio Caro Baroja zuzendariak bertsolariari eta bertsolaritzeari sustraitik zuzen-zuzen heldu nahi izan eutson, garaiko bertsozale, ikertzaile eta bertso munduaren inguruan mobiduten ziranen eretxiak jasoz.
Urteetako lanaren ondoren topau dan filma da gaur Donostian Euskadiko Filmategian aurkeztu dabena. Donostian jokatu zan urte horretako Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala azaltzen da. Uztapide, Xalbador, Mattin eta beste hainbat bertsolari ikus daitekez. Bertsolaritzaren historiako une garrantzitsuenetakoa da filmean azaltzen dana.
Dokumental hau 1967ko bagilaren 11n TVE-1ek 'Fiesta' programan, gaueko 10:25ean emon zan. Egun honetan Donostiako Anoeta pilotalekuan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatu zan; hain zuzen, Uztapidek hirugarren Txapela irabazi ebanekoa.
Dokumental honetan Pio Caro Baroja zuzendariak bertsolariari eta bertsolaritzeari sustraitik zuzen-zuzen heldu nahi izan eutson, garaiko bertsozale, ikertzaile eta bertso munduaren inguruan mobiduten ziranen eretxiak jasoz. Holan, Aita Antonio Zavalaren, Antonio Arrueren, Fernando Artola 'Bordari'-ren, Juan Mari Lekuonaren edo eta Iñaki Eizmendi 'Basarri'-ren irudiak ikusi eta euren eretxiak ezagutu ahal izango doguz.
Oro har, bertsolaritzearen ildo nagusia jarraitzen dau zuzendariak: Fernando Amezketarragaz hasi eta Xenpelarren, Bilintxen, Iparragirreren, Pello Errotaren eta Txirritaren aitamen bereziak egiten ditu, jaioterriak eta beren ibilbideak miresmenez eskainiz eta irudiekaz lagunduz. Holan omenaldi xumea bezain bitxia bilakatzen da; amodioz eskainia.
Oso zuhur, bertsolaritzearen hasiera historikoaz baliatzen da bertsoaren balioa baieztatzeko.
Aita Zavala maisuaren ahotik entzungo dogu bertsolaritzea definiduteko abiapunturik; bat-bateko bertsolaritzatik hasi eta bertso-jartzailearen papela historian jorratuz, bere jakintza eta ikerketa-lanen oinarrien lekuko.
Arruek, Bordarik eta Joan Mari Lekuonak, lehen aitatutako Txapelketa Nagusiko epai-mahaikide izanik, puntuatzerakoan bertsoa neurtzeko erabilten zituen erispideak azaltzen ditue. Epaitze-lana 'lan gatxa eta borondate onenean egina' izaten dala autortzen dau Bordarik.
Basarri berak ezagutu zituan bertsolariei buruz edo eta lehengo eta bere garaiko bertsolariei buruz be ariko jaku dokumental honetan. Muxikako Kepa Enbeitaren, 'Urretxindorra'-ren aitamen berezia egiten dau.
Azkenik eta amaitze aldera, bitxikeria modura, bertsozaleak inoiz ahaztuko ez dauen pasartea jasoten du dokumental honek: 1967ko Txapelketa gogoangarria izan bazan Uztapidek hirugarren Txapela irabazi ebalako, ez zan gitxiago izan zenbait entzulek Anoeta pilotalekuan izan eben jokabideagaitik. Fernando Aire 'Xalbador'-i, Urepeleko artzain eta bertsolari handiari txistu jo eutselako egun haretan. Baina txistu hareek txalo bihurtu ziran Urepeleko artzain bertsolariaren bertso bati esker. Pasarte hori jasoten dau dokumental honek. Subertez, Pio Caro Barojak irudietan jaso eban ha momentua. Bertsolaritzearen bilakaeran historikotzat jo izan dan momentua ikus geinke gaur. Xalbadorren orduko sufrimenduaz jaubetzeko aukera ezin hobea emoten dau dokumental honek.
Pio Caro Baroja (1928)
'Abizen ospetsu baten jaube eta beraren esklabu' esaldiagaz definidu geinke Pio Caro Barojaren ibilbidea zinema munduan. Pio Baroja nobelagilearen ilobea da eta Euskal Herriari lotua familiaz, Beran daben 'ITZEA' etxea medio. Barojatarren artean zineagazko lotura gehien izan dauena dogu Pio Caro.
Madriden Zuzenbide ikasketak egin ondoren, 1953an Mexikora salto egiten dau eta han hasten da zinemagazko bere ibilbidea: zine-kritiko bezela, hain zuzen, 'Claridades' egunkarian. Garai haretan 'Neorrealismo italiano' izeneko zine mobimentuaren defendatzaile sutsua izan zan Pio Caro. Idatzi zituan artikuluez gan, 'Cine Neorrealismo Italiano' liburua idatzi eban. Cesare Zavattini zuzendari ezagunak egiten deutso liburu horri hitzaurrea. Pio Caro Baroja aritu izan da Manolo Altolagirre eta Emilio Fernandez zine-zuzendarien laguntzaile bezela be.
Bere osaba Pio Barojaren heriotzea zala eta Espainiara etorten da eta bertan garatzen dau bere zinemagintzako etapa luzeena: 1958an.- 'El Greco en Toledo' eta 'El entierro del Conde de Orgaz'.
• 1964an.- 'El carnaval de Lanz' eta 'La Virgen de la Peña'.
• 1965an.- 'La última vuelta del camino', bere osaba Pioren azken egunak gogoratuz.
• 1966an.- TVE-2ko taldean hasten da lanean eta urte batzuetan iraun eban Espainiako Telebistagazko lotureak.
• 1966an.- 'El País Vasco'.
• 1967an.- 'Bertsolaris', 'Las traineras', 'El País Vasco de Pío Baroja'.
• 1968an.- 'La javierada'.
• 1972an.- TVE alde batera itxita, amestutako grabazino garrantzitsuena amaitzen dau: 'Navarra las cuatro estaciones'.
• 1976-78.- 'Gipuzkoa' Donostia Aurrezki Kutxa Munizipalarentzat.
Amaitze aldera, nabarmendu daigun 1982an TVEra bueltau zala: 'BAROJA a través de BAROJA' eta lau kapitulutan banatuko dauen 'El mayorazgo de Labraz', bere osabearen nobela homonimoan oinarritutakoa, zuzenduko ditu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!