Zinebiblubek Euskadiko eta nazinoarteko produkzino onenak eskainiko ditu
2009-04-22 14:38 BarriakBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Zinebiklub egitarauaren urteko bigarren hiruhilekoaren programazinoa bihar, apirilaren 23an hasiko da eta aurreikusitako hamar saioetan, 47 pelikula ikusi ahal izango dira bagilaren 25erarte.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Zinebiklub egitarauaren urteko bigarren hiruhilekoaren programazinoa bihar, apirilaren 23an hasiko da eta aurreikusitako hamar saioetan, 47 pelikula ikusi ahal izango dira bagilaren 25erarte. Era berean, zinezaleek 2008an, 50. edizinoa bete dauen Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren (Zinebi) azken edizinoan lehian aurkeztutako lanakaz gozetako aukerea izango dabe.
Hiruhileko honetan zehar, bertoko produkzinoei jarriko jake arreta berezia eta, esangura horretan, Euskadin egindako 10 film proiektauko dira, honeetako zazpi apirilaren 30ean egingo dan saio monografikoan emongo diralarik.
Hiruhilekoari amaierea emoteko be bertoko produkzino bat proiektauko da, Iñigo Cabo EHUko Arte Ederretako irakasle eta produktoreak, genero esperimentalean egindako 'Closing Time' lana. Lan honetan hainbat lagunek parte hartu dabe (musikariak, filosofoak, artistak, errealizatzaileak, etab.) eta Euskal Herrian ez eze, Frantzian eta Ekuadorren be garatu da proiektu hau. Gaur eguneko produkzinoen konplexutasunaz hitzegiten dau, diskurtso kritikoaz, sortzaileei buruz eta honeen kontraesanei buruz.
Venezuelako laburren mostra
Zinebiklub egitarauko lau saiotan (maiatzaren 28tik bagilaren 18ra) Venezuelakolako laburrak izango dira protagonista. Lau dokumental eta 14 labur dira, 1983tik 2007 urte bitartean produzidutakoak eta gaur eguneko Venezuelaren funtsezko elementuak agertzen dituelarik: petrolioaren boom-a, lan eskubideak, Caracas uria, edo eta herrialde honetako pertsonaia ezagunen erretratoak. Komedia, akzinoa, umore baltza, bilatutako sentimenduak, emozinoak eta gomutak dira mostra honetan Venezuelako kulturea eta nagusitasuna ulertzeko laguntzen daben elementuak.
Euskadiko eta Venezuelako zinea ikusteko aukerea izan arren, beste aukerarik be eskaintzen da Zinebiklub programan antolatutako saioetan, besteak beste, lau kontinenteetako 17 herrialdetako pelikulak eta hain ezagunak ez diran herrialdetakoak be, Vietnam, Zelanda Barria, Islandia, Brasil edo Kolonbia. Hau guztia Barrainkua Udaltegian (Barrainkua, 5), eguenero 19:30etatik aurrera eta dobako sarrereagaz.
Zinebiklub Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiagaz batera 2006tik antolatzen dauen asteroko zinema alternatiboaren programea da. Honetarako, DVD eta VHS proiektoreentzako, Dolby soinuaz eta 100 jesarlekuz hornidutako areto bat preparau da.
Informazino gehiago eta egitarau osoa http://www.zinebi.com/ webgunean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!