Manuel Lekuona saria jasoko dau gaur Montxo Armendariz zuzendariak

Bizkaie! 2009-04-21 12:42   Barriak

Urteetako ibilbide profesionalaren interes nabarmenagaitik Eusko Ikaskuntzak banatzen dauen Manuel Lekuona saria jasoko dau gaur zine zuzendari nafarrak. Sano ibilbide emonkorra eta aberatsa.

Urteetako ibilbide profesionalaren interes nabarmenagaitik Eusko Ikaskuntzak banatzen dauen Manuel Lekuona saria jasoko dau gaur zine zuzendari nafarrak. Sano ibilbide emonkorra eta aberatsa.

Iruñean eta Bartzelonan elektronikea ikasi eban, izan be, alor honetan irakasle lanak egin izan ditu. Zinemagintzan egindako lehen film laburrak, 'Barregarriaren dantza', Bilboko Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiko bi sari jaso zituan 1979an, baita Kultura Ministerioko 'Kalitate Berezia' saria be. 1984an, Montxo Armendarizek bere lehen film luzea egin zuen, Elias Querejeta gipuzkoarraren produkzinoagaz.

Ikuspuntu dokumentalagaz filmau eban Montxo Armendarizek (Olleta, Nafarroa, 1949) Nafarroako ikazkinen inguruko 'Tasio', lehenengo film luzea, orain 25 urte. Fikzinoaren bidez, errealidadeagaz lotutako gaiak jorratu ditu beti zine zuzendariak.

Lan arrakastatsuak zuzendu ditu zuzendari nafarrak. 1986an, '27 horas' filmak Zilarrezko Maskorra irabazi eban Donostiako Zinemaldian, eta 1990ean, 'Las cartas de Alou' lanagaz Urrezko Maskorra irabazi eban barriro. Film horregaz gidoi onenaren Espainiako Goya saria be irabazi eban. Aurrerago, 90eko hamarkadako gazteen erretratu gordina egin eban 'Historias del Kronen' filman (1995) kritikarien eta lankideen oneretxia eta bigarren Goya saria jasoz.

Edozelan be, 'Secretos del corazón' (1996) lanagaz jazo eban nazinoartearen onespena, Berlinalen Europako film onenari saria jaso ostean, eta geroago Oscar sarietarako hautagai be izan zan.

Oscarretarako hautagai izan ondoren, 'Silencio roto' (2001), 'La guerrilla de la memoria' (2002), 'Escenario móvil' (2004) eta 'Obaba' (2005) lanak zuzendu ditu. Azken hori Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren moldaketea da. New York-eko Ikuskizuneko Zinemagintzako Kronikagileen Alkarteak eskaintzen dauen Urteko Filmik Onena saria jaso eban (2005).

Zinegileak jaso dituan sarien artean, 1998an, Montxo Armendarizek Vianako Printzearen Kulturako Saria eta Zinemagintzako Sari Nazionala jaso zituan.

Manuel Lekuona saria gaur jasoko dau Iruñean; ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Vianako printzea erakundea-kultura eta turismo departamentuaren egoitzan. Miguel Sanz, nafar gobernuko lehendakariak eta Jose Luis Rebordinosek, zinemagilearen biografiaren egileak, parte hartuko dabe bertan Jose Mari Muñoa, Eusko Ikaskuntzako lehenedakaria, Sixto Jiménez, Nafarroako lehendakariorde eta Montxo Armendáriz beragaz batera.

Eusko Ikaskuntzak 25 urtez banatu dau Manuel Lekuona saria, euskal kulturan eragina izan daben persona esanguratsuen lana nabarmentzeko. Armendarizen aurretik, besteak beste, Sabin Salaberri musikariak, Mentxu Gal margolariak edota Jean Haritchelhar euskaltzainak jaso dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu