Basque Audiovisualek lehenengo aldiz parte hartuko dau Canneseko Zinemaldiko azokan maiatzaren 13tik 24ra
2009-04-21 11:00 BarriakMaiatzaren 13tik 24ra, 'Marche du Film de Cannes' izeneko azokan izango dira Alokatu, Baleuko, Barton Films, Pausoka, Irusoin, Mixer, MediaBost eta Western Films enpresak.
Fikzinozko produkzinoan eta banaketan jarduten daben zortzi euskal enpresa nagusiek lehenengo aldiz parte hartuko dabe Basque Audiovisual izenagaz eta bere erakusmahaiagaz, Canneseko Zinemaldiaren azoka paraleloan, hau da, 'Marche du Film de Cannes' izenekoan, maiatzaren 13tik 24ra bitartean. Azokan izango dira Alokatu, Baleuko, Barton Films, Pausoka, Irusoin, Mixer, MediaBost eta Western Films enpresak.
Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko arduradunek adierazo dabenez, 2007ko urrian ikus-entzunezkoen sektoreko euskal enpresa nagusiek Canneseko MIPCOMen parte hartu ebenean -edukien mundu mailako merkaturik handiena-, alkar hartuta lehenengoz Basque Audiovisual markarenpean, 'pausu handia emon eben sektorearen nazinoartekotzeari begira, izan be, negozio topagune horretan parte hartzea zan enpresen eskari nagusietako bat merkatu barrietarako sarbidea errazteko', gaineratu dabe.
Ondoren, Basque Audiovisualek bere presentzia sendotu dau kanpoko azoketan MIPTV (Cannes) eta Sunny Side of the Doc (La Rochelle) merkatuetan izan baita, telebistan eta multimediako edukietan, eta dokumentaletan espezializautako topaguneak. Datorren maiatzean pausu bat gehiago emongo dau Basque Audiovisualek, lehenengoz, Canneseko Zinemaldi ospetsuko 'Marche Du Film' horretan parte hartuko dauelako.
Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra izango da ekimen horretan aitzindaria Eusko Jaurlaritzearen Kultura Sailagaz batera. 'Ekimen honen bitartez Eikenen Nazinoartekotze Planeko helburu nagusiak beteten doguz, batetik, euskal ikus-entzunezko azpisektoreei laguntzinoa eskaintzea Basque Audiovisual markak izan dauen arrakastearen ondoren, eta bestetik, enpresen nazinoartekotzea bultzatzea MIPCOM, MIPTV eta Sunny Side of the Doc merkatuetan', azaldu dau Eikeneko zuzendari Itziar Menak.
Euskal produkzino etxeek Galiziako Ikus-entzunezkoen Klusterragaz partekatuko dabe erakusketa gunea, hain zuzen be MIPTVren azken edizinoan abian jarri zan lankidetzeari esker. Aurreko aldietan bezela, enpresek euren espazioa izango dabe harremanak egiteko, baita ingelesez egongo dan on-line katalogo bat be (www.basqueaudiovisual.com) euren zeregin komertzialak errazteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!