Euskerazko film laburrei nazinoarteko proiekzinoa emongo deutse Topagunearen VI. zirkuituak
2009-03-04 10:24 BarriakAurten 47 emonaldi eskainiko ditu zirkuituak, igaz baino hamar gehiago. Bost, ganera, Euskal Herritik kanpo izango dira lehenengoz, Erromako Associazione Culturale Euskara, Parisko Sustraiak–Erroak, Shanghaiko Euskal Etxea, Bartzelonako Euskal Etxea eta Londreseko London Basque Society alkarteakaz bideratutako alkarlanari esker. Zirkuitua martiaren 5etik apirilaren 7ra egingo da.
Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak urtero antolatzen dauen Film Laburren Zirkuituaren seigarren edizinoa aurkeztu dau Bilbon. Zirkuituaren bidez, Topaguneak eta osotzen daben euskera alkarteek aukerea emoten dabe euskerazko film laburren urteko produkzinoa ezagutarazoteko eta, bide batez, herrietako kultur eskaintzea aberasteko ekarpena be egiten dabe. Federazinoak bere gan hartzen dau filmak topetako, aukeratzeko eta batzeko lana, eta gero aukerea emoten jake gura daben alkarte guztiei euren herrian erakusteko.
Topagunearen Kulturgintza Saileko arduraduna dan Manuel Morenok azaldu dauenez, ekimenak gero eta harrera hobea dau euskera alkarteen zein zinemagileen aldetik. Horren proba argia, urtetik urtera etenik barik hazten doan emonaldi kopurua: aurten 47 emonaldi eskainiko ditu zirkuituak, igaz baino hamar gehiago. Bost, ganera, Euskal Herritik kanpo izango dira lehenengoz, Erromako Associazione Culturale Euskara, Parisko Sustraiak—Erroak, Shanghaiko Euskal Etxea, Bartzelonako Euskal Etxea eta Londreseko London Basque Society alkarteakaz bideratutako alkarlanari esker. Morenok azaldu dauenez, 'aurreko edizioetan behin baino gehiagotan ailegau da eskaeraren bat edo beste diasporatik, baina beti epez kanpo. Hori kontuan izanda, zirkuituan parte hartzeko aukerea denporaz eskaini deutsegu atzerriko zenbait euskera alkarte eta euskal etxeri, eta erantzuna bikaina izan da: aurtengo Zirkuituaren estreinaldia, berbarako, Erroman izango da, martiaren 5ean'. Emonaldiak apirilaren 7an amaituko dira, Biasterin (Errioxa).
Zortzi film ordubete inguruan
Emonaldi bakotxean zortzi film labur eskainiko dira, danak be 2007-2008an egindakoak. Aurreko edizinoetan legez, honetan be Topaguneak ahalegina egin dau ibilbide luzeko egileak eta egile barriak kontuan hartzeko eta, igazko harrera ona ikusita, aurten be Kameratoia Ikus-entzunezkoen Rallyan saritutako lanetako bi sartu dira tartean. Gazteei zuzendutako lehiaketa horretan, ikus-entzunezko lan bat hamar ordutan grabau, editau eta aurkezteko erronka proponiduten jake parte hartzaileei, eta 'emoitza gero eta harrigarriagoak izaten dira urtetik urtera, irudimenaren zein kalidade teknikoaren aldetik'.
Egileak eta ikusleak alkarrengana hurreratzeko asmoz, saio askotan solasaldia egingo da egileakaz, proiekzinoaren ondoren. Horretarako prest daude, besteak beste, prentsaurrekoan Morenogaz izan diran Asier Urbieta eta Iban del Campo zuzendariak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!