‘Ander’, euskeraz egindako homosexualen arteko amodiozko filmagaz zabalduko dabe Zinegoak hilaren 30ean

Karolina Almagia 2009-01-22 17:30   Barriak

Urtarrilaren 30tik zezeilaren 7ra ospatuko da VI. Zinegoak, Gay-Lesbo-Trans Zinemaren Nazinoarteko Jaialdia. Aurtengoa, gainera, berezia izango da euskerazko film bategaz zabalduko baita. Pelikula hori ‘Ander’ izenburukoa da eta euskeraz homosexualidadea jorratzen dauen lehenengo filma ei da.

Urtarrilaren 30tik zezeilaren 7ra ospatuko da VI. Zinegoak, Gay-Lesbo-Trans Zinemaren Nazinoarteko Jaialdia. Aurtengoa, gainera, berezia izango da euskerazko film bategaz zabalduko baita. Pelikula hori ‘Ander’ izenburukoa da eta euskeraz homosexualidadea jorratzen dauen lehenengo filma ei da. Zinegoak jaialdiaren zuzendaria dan Roberto Castonek filmau dau eta baserritar baten istorioa kontetan dau. Filmaren errodajea Kortezubin eta Zeanurin egin dabe eta Josean Bengoetxea da aktore nagusia. Bengoetxeak berrogei urteko baserritarraren papela egiten dau eta filman Peruko etorkin bategaz maiteminduko da. Castonen ustez, Estadu espainolean homosexualidadea jorratzen daben filmak, gitxi izateaz gan, beti dagoz urian kokatuta. ‘Ander’-egaz, alde batetik, baserritar giroan kokatu gura izan dau homosexualen arteko amodiozko istorio bat eta, bestetik, etorkinen integrazinoaren gaiari be heldu deutso.

Ikusmin handia sortu da pelikula honen estreinaldiaren harian. Film honegaz zabalduko da barikuan Zinegoak eta egun batzuk geroago, 'Ander' filmaren nazinoarteko aurkezpena egingo da Berlinalen.

VI. Zinegoak jaialdiaren lehenengo egun horretan bertan, gainera, Ohorezko Saria banatuko da, aurten nazinoarteko figura bati emondakoa, Bruce LaBruce artista Kanadarrari, hain zuzen be. Idazle, musika kritikoa, argazkilaria, aktorea eta zine zuzendaria, Bruce LaBruce gay punk zinemaren ikono bat da. Zinegoak-ek politikoki zuzena ez dan haren zinemagintzeari buruzko ziklo berezi bat be eskainiko dau, baita haren azken film luzea aurkeztu be.

Sariez eta betiko jaiez gan, badago zer ikusi zinemaldi honetan, izan be, danetara, 110 film pantailaratuko ditue; berbarako, ‘Karl rove, I love you’ izeneko dokumental faltsua. Dan Butlerrek zuzendu eta antzeztua; George W. Bushen Kanpaina Zuzendaria izan zan Karl Roveren figurea jorratzen dau film honek. Butler aktore eta zuzendaria Bilbon izango da filma aurkezten.

Beste pelikula interesgarri bat izango da ‘Drifting Flowers’, Zero Chou Taiwaneko zuzendariarena. Choukek ‘Spider Lilies’ film delikatua aurkeztu eban igazko Zinegoak-en. Lan barria, barriz, Berlinalen emon eben eta amodiozko hiru istorio kontetan ditu, alkar lotuak eta bizitzaren hiru garai desbardinetan gertatzen diranak: umezaroan, gaztaroan eta zahartzaroan.

Aitatutako Berlinalen banatzen da urtero Teddy Bear saria, gay eta lesbo zinean garrantzitsuenetako bat. Sari hori jaso eban igaz ‘The amazing adventures of queen Raquela’ filmak eta Zinegoak-en ikusgai egongo da. Bitxia eta ezohikoa, pelikula islandiar honek fikzinoa eta errealidadea nahasten ditu.

Sekzino Ofiziala osotzeko, hainbat film labur (honeen artean, batzuk egile euskaldunenak) eta dokumental proietauko ditue. Horrezaz aparte, bi ziklo eskainiko dira: Brasilen egiten diran film luzeei buruz, bata, eta bestea, aurtengo Ohorezko Sariari dedikatua. Danetara, zineaz gozetako bederatzi egun luze izango doguz. Emonaldiak, Arriaga Antzokian, Capitol zine aretoetan, Bilborock aretoan, FNAC dendan eta aurten, barrikuntza legez, Guggenheim Museoko auditorioan izango dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu