Montxo Armendariz zinegileak jasoko dau Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria
2008-12-23 14:40 BarriakEusko Ikaskuntzak 1983an sortu eban Manuel Lekuona Saria euskal kulturako personalidadeen onarpen legez, beti be, artistearen obra guztiek interes nabarmena badabe. Aurten, Oletan jaiotako zinegileak jasoko dau, 'Historias del Kronen', 'Secretos del corazón' edota 'Obaba' filmen zuzendariak.
Montxo Armendariz zinegile nafarrak jasoko dau Manuel Lekuona Saria, 1983tik egindako lanen osotasuna autortzeko euskal kulturearen munduko personalidadeei Eusko Ikaskuntzak emoten deutsen saria.
Oletan jaioa 1949an, Montxo Armendarizek elektronikea ikasi eban Iruñean eta Bartzelonan eta hori irakasten aritu zan. Halanda be, zinemagintzeagazko zaletasuna berezkoa eban. 'Barregarriaren dantza' film laburra izan zan bere lehen lana eta bi sari lortu zituan Zinebi Bilboko Nazioarteko Zine Dokumental eta Film Laburren Lehiaketan, baita Espainiako Kultura Ministerioaren 'Especial Calidad' saria be. Lortutako diruagaz, 1980an 'Ikusmena' filmau eban.
Ostean, 'Ikuska' bildumearen barruan, Armendarizek Nafarroako Erriberako 11. zenbakia zuzendu eban. Urte berean, 1981ean, Vianako Printzea erakundeak 'Nafarrako ikazkinak/Carboneros de Navarra' proiektua diruz lagundu eban. Anastasio Ochoa protagonistearen biografiaren bitartez osotu eban Armendarizek bere lehenengo film luzeko gidoia, 'Tasio' (1984), Elias Querejetak babestu eban produkzinoa.
1986an Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra lortu eban '27 ordu' lanagaz, drogamenpekotasunean murgildutako gazteen bizitzaren bidez kontetan zan istorioa. 'Las cartas de Alou' (1990) bere hurrengo lanak, gure mugetatik kanpo be lortu zituan sariak, baita Gidoi Originalenari emondako Goya Saria eta Donostiako Urrezko Maskorra.
Gazte nihilismoaren inguruko alegato zorrotza dan 'Historias del Kronen' (1995) filmagaz bere takila arrakasta handiena lortu eban, baita kritika eta profesionalen onarpena be. Gidoigile legez egindako lanagaitik bere bigarren Goya lortu eban.
'Secretos del corazon' filmagaz 1997ko Berlingo Jaialdiko Europar Film Onenaren Saria lortu eban eta Oscarretara Atzerriko Filma Onenerako hautagai izan zan. 2001ean 'Silencio Roto' lana egin eban.
'Escenario movil' dokumentalaren ondoren, 2005ean, Bernardo Atxagaren literatur mundua egokitu eban 'Obaba' filman, eta New Yorkeko Ikuskizunaren Kronista Zinematografikoen Elkarteak 'Urteko Pelikula' izentau eban.
Manuel Lekuona Saria
Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu eban Manuel Lekuona Saria euskal kulturako personalidadeen onarpen legez, beti be, artistearen obra guztiek interes nabarmena badabe. Aurreko edizinoetan saritutakoen artean dagoz, besteak beste, Jorge Oteiza, Jose Miguel de Azaola, Justo Garate, Bernardo Estornes, Carlos Santamaria, Jose Mª Jimeno Jurio, Eugene Goyheneche, Micaela Portilla, Elias Amezaga, Menchu Gal edo Manuel Lekuona bera. Saritzat Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat emongo jako saridunari. Oraindino zehazteko dago ekitaldi publikoa non eta noiz egingo dan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!