‘Zorion perfektua’, liburutik zinemara
2008-12-12 13:56 BarriakPausokak produzidu eta Barton Filmsek banatutako filmaren errodajea Zarautzen hasi zan zemendian, herri osoaren ikusmina sortuz, eta biztanleen lankidetzea lortuz. 'Anjel Lertxundi bertan bizi da eta istorio hau hor idatzi eban, horregaitik nahi neban nik Zarautzen filmau' -azaldu deutso Bizkaie!-ri Jabier Elortegi zuzendariak-.
Anjel Lertxundiren Zorion perfektua nobelea zinemara egokituko dau Javier Elortegi zuzendariak. Urriaren erditik zemendiaren amaierara bitartean izan ziran filmazino edo errodaje lanak eta egunotan Madrilen montajea egiten ari dira. Udarako prest egongo da pelikulea eta leitekeana da Donostiako Zinemaldian aurkeztea.
Pausokak produzidu eta Barton Filmsek banatutako filmaren errodajea Zarautzen hasi zan zemendian, herri osoaren ikusmina sortuz, eta biztanleen lankidetzea lortuz. 'Anjel Lertxundi bertan bizi da eta istorio hau hor idatzi eban, horregaitik nahi neban nik Zarautzen filmau' -azaldu deutso Bizkaie!-ri Jabier Elortegi zuzendariak-. 'Herriaren jarrerea oso ona izan da eta horri ezker lortu dogu dekoratu pilo bat, bai kalean, bai etxeetan, institutoan eta tabernetan be'.
Zorion Perfektua filman Ainhoa izeneko emakume pianojotzaile baten istorioa kontetan da: umetan atentadu baten lekuko izan zan eta beti ezkutatu nahi izan dauen oroipen horregaz bizi izan da. Umezaroan bizitako jazoera horregaz traumatizauta dago. Anne Igartiburu da protagonistea eta, besteak beste, Alberto Berzal, Aia Kruse, Elena Irureta, Ramon Barea, Amaia Lizarralde eta Martxelo Rubio aktoreek parte hartu dabe.
Zarautzen ez eze, Zorion Perfektua Donostian, Getarian eta Bartzelonan filmau dabe. 'Sei hilebeteko lana izan da eta dana ondo atara da. Ozo pozik nago. Aktore gehienak ezagunak ziran niretzat, konfidantzazko jentea, eta oso ondo lan egin dabe', gaineratu dau zinegile bermeotarrak. Anne Igartibururen aukeraketea erronka bat izan da. 'Geugaz aurretik be egin dau lan Anek. Pertsonaiarengandik oso hur dago, neska herritarra baina urian aspaldi bizi dana... Gidoia pasau neutson eta berehala esan eustan egin gura ebala. Hortik aurrera, maila personalean zein profesionalean oso gustura egin dogu lan beragaz'.
Anjel Lertxundik eta Jabi Elortegik aurretik be alkarregaz lan egin izan dabe, 'Goenkale' telesailean esaterako. Pelikula hau aurrera eroateko barriro alkartu dira, buru eta bihotz lan egiteko. 'Gauza bat da nobelea eta beste bat pelikulea. Anjelegaz hasieratik egon naz hartu-emonetan eta argi geunkan liburuko istorioa ez zala nahikoa film luze bat egiteko. Nahitaezkoa zan beste istorio paralelo bat eregitea. Eta hori egin genduan. Beraz, badago parte bat oso leiala dana liburuagazko; hor kontetan da bi egunetan zehar zer pasetan jakon neska horri, eta badago beste parte bat, barria dana; hor, barriz, thriller eta amodiozko elementuak sartzen dira' Elortegik azaldu dauenez.
Egitureari begira, Alejandro González Iñarrituren filmek -Babel, 21 gramos- dabenaren antzekoa izango dau, hau da, puzle baten modukoa. Urte eta leku desbardinetan jazoten dira ekintzak eta, pelikuleak aurrera egin ahala, ikusleak osotuko dau buruhaustea.
Euskeraz filmatua, euskeraz egingo dau ibilbidea zine aretoetatik Zorion Perfektuak. 'Kanpora ataratekotan, gaztelaniara bikoiztu beharko da, baina hori geroago izango da'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!