Oraintsu zaharbarritutako 1960ko hamarkadako Bilbori buruzko film labur bigaz hasi eta amaituko da Zinebi 50
2008-11-21 11:56 BarriakBilboko 1960ko hamarkadako errealidadea erakusten daben eta oraintsu zaharbarritu diran film labur bi aurkeztuko ditu Zinebi Bilboko Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren 50. edizinoak. Gainera, zaharbarrituriko bi lanak erabiliko dira Bilboko Arriaga antzokian egingo diran jaialdiaren inaugurazino (Zemendiak 24) eta amaiera (Zemendiak 29) ekitaldiak hasteko.
Bilboko 1960ko hamarkadako errealidadea erakusten daben eta oraintsu zaharbarritu diran film labur bi aurkeztuko ditu Zinebi Bilboko Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren 50. edizinoak. Gainera, zaharbarrituriko lan biak erabiliko dira Bilboko Arriaga antzokian egingo diran jaialdiaren inaugurazino (Zemendiak 24) eta amaiera (Zemendiak 29) ekitaldiak hasteko, antolakuntzak prentsa ohar bidez jakinarazo dauenez.
Lehenengo lana 'Ocharcoaga' da, Bilboko txabolismoaren gaineko eta familia txabola-egileei barriro ostatua emoteko Otxarkoaga auzoaren eraikuntzearen gaineko dokumentua. Jorge Grau zinemagile katalanak sasoi haretako Etxebizitza Ministerioaren aginduz zuzendu eban 12 minutuko lan honen kopia galdutzat joten zan. Euskadiko Filmategiaren eta Espainiako Filmategiaren arteko lana izan da filmaren zaharbarritzea, Bilboko Udalaren laguntziboagaz.
'Ocharcoaga' filmaren fitxa
- Izenburua: OCHARCOAGA
- Urtea: 1961
- Produkzinoa: PROCUSA Etxebizitza Ministerioarentzat
- Gidoia eta zuzendaritza: Jorge Grau
- Produkzino burua: Eduardo de la Fuente
- Muntaia: Mercedes Gimeno
- Argazkia: Antonio Pérez Olea
- Musika: Antonio Pérez Olea
- Laborategia: FOTOFILM
- Soinua: EXA
- Generoa: Dokumentala
- Hari-neurria: 35mm
- Iraupena: 11´30”
- Proiekzino ratioa: 1 x 1,66
- Bertsinoa: Gaztelania (Monoaurala)
Berreskuratutako bigarren filma 'La ria de Bilbao' da, Pedro Olea zuzendari bilbotarrak 1966an 'Conozca usted España' telesaiorako zuzendutako filma. Uria egituratzen dauen itsasadarrean zehar egindako 30 minutuko ikus-entzunezko ibilbidea dogu: Zazpi Kaleak lako leku adierazgarriak behatzen gelditzen da lana eta aldi berean, uribilduko meatze, industria eta finantzen muina erakusten dau, zenbait ohitura herrikoi eta kirol mitologiagaz batera.
Radio Television Españolak (RTVE) egin dau dokumental honen zaharbarritze digitala, Zinebiren 50. urteurrenari egindako ekarpen moduan.
Zinebi 50
Aurtengo hitzordu biribilerako 85 herritako 2.800dik gora film jaso (igaz baino 200 gehiago), eta horreen guztien artean aukeratu ditue sail ofizialean aurkeztuko diran 80 obrak. Horreetatik zortzi dira euskal zuzendarienak: Lander Camareroren 'Montenegro', David Gonzalezen 'El tiempo prestado', Aritz Morenoren 'Cotton Candy', Javier Ortegaren 'Un regalo para Berta', Hugo Sanzen 'Ya no voy a hablar más', Jon Garañoren 'FGM', Xabi Erkizia eta Vuk Jevremovicen 'Berbaoc' eta Oier Etxeberria eta Jesus Pueyoren izen bako dokumentala. Sail ofizialean emongo dituen 80 lanen artean, 51 fikzinozkoak izango dira; 11, dokumentalak; eta 18, animazinozkoak.
Beste alde batetik, Richard Lester omenduko dau Zinebik aurten; Ohorezko Mikeldia jasoko dau eta, ganera, zinegile britainiarraren obra dokumentalen zikloa eskainiko dabe, sail ofizialetik kanpo.
Azkenik, datorren domekan, zemendiaren 23an, Arriagan Emir Kusturika eta The No Smoking Orchestrak emongo daben kontzertuagaz hasiko da jaialdia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!