Kimuak proiektuko lau film laburrek sariak irabazi ditue Alcala de Henaresko Zinema Jaialdian

Bizkaie! 2008-11-17 16:30   Barriak

David Gonzalezen 'El tiempo prestado' filmak Ciudad de Alcala saria irabazi dau, jaialdi horretako garrantzitsuena; Xabier Erkiziaren 'Berbaoc' lanak, barriz, soinu onenaren saria eroan dau; 'On the Line' filmak (Raul Lopez) muntaia onenari jagokon saria jaso dau eta 'Yo solo miro' film laburreko protagonista dan Susi Sanchez emakumezko aktore onena aukeratu dabe.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatutako 2008ko Kimuak programako film laburrak hasi dira zinema jaialdietan parte hartzen eta lehen sariak jasoten. Aurreko urteetan bezela, Alcala de Henaresko (Madril) Zinema Jaialdi ospetsuak euskal film laburren kalidadea aintzatetsi dau, eta sari bana emon deutse jaialdi horretako lehiaketarako aukeratu zituen Kimuak programako lau film laburrei.

Kimuak egitasmoko arduradunek jakinarazo dabenez, David Gonzalezen 'El tiempo prestado' filmak Ciudad de Alcala saria irabazi dau, jaialdi horretako garrantzitsuena; Xabier Erkiziaren 'Berbaoc' lanak, barriz, soinu onenaren saria eroan dau; 'On the Line' filmak (Raul Lopez) muntaia onenari jagokon saria jaso dau eta 'Yo solo miro' film laburreko protagonista dan Susi Sanchez emakumezko aktore onena aukeratu dabe.

Aurten irabazitakoagaz, Kimuak programako film laburrek hiru urtez jarraian irabazi dabe jaialdi honetako sari nagusia, 2006an 'For(r)est in the des(s)ert' (Luis Alejandro Berdejo) eta 2007an 'Traumalogia' (Daniel Sanchez Arevalo) izenburuko filmek irabazi ondoren.

Hilebete be ez da euren ibilbideari ekin deutsela eta Kimuak egitasmoaren barruan dagozan film laburretatik bi bakarrik dagoz oraindino saririk jaso barik; izan be, Gregorio Muroren eta Raul Lopezen 'Tras los visillos' filmak bigarren saria irabazi dau Molins de Rei-ko (Bartzelona) sariketan.

Era berean, 'Cotton Candy' Europako Film Labur Fantastiko Onenerako hautagai aukeratu dabe amaitu barri den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, eta Haritz Zubillagak zuzenduriko 'Las horas muertas' film laburrak (Kimuak 2007) hautagaitza berbera lortu eban Ravenako Nightmare Film Festival jaialdian.

Beraz, hurrengo urtean, gitxienez Kimuakeko bi film labur lehiatuko dira sari ospetsu hori lortzeko (orain urte batzuk, Koldo Serraren 'El tren de la bruja' lanak irabazi eban). Aitatzekoa da, gainera, Kimuakeko lau labur izango dirala Sitgesko Zinema Jaialdian, eta hiruk hartu dabela parte esandako Donostiako Astean.

Zinemaldietako parte-hartzeak eta lortutako sariak alde batera itxita, mundu guztiko hainbat zinemaldik Kimuak egitasmoko film laburren atzera begirakoak eskaini ditue eta baita eskainiko be. Adibidez, zemendian bertan, lau zinemaldi garrantzitsutan, euskal film laburren atzera begirako bereziak ari dira emoten edo emon ditue: Seulgo (Korea) Asiana Zinema Jaialdian, Amiens-ekoan (Frantzia), Leeds-ekoan (Erresuma Batua) eta Berlingo Interfilm deituan. Abenduan, Kimuakeko film laburretako batzuk egitarau berezi batean emongo ditue Liublianako (Eslovenia) Animateka Zinema Jaialdian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu