Helena Tabernak euskal Eleizeak Gerra Zibilean izan eban zeregina jorratzen dau 'La buena nueva' pelikulan

Karolina Almagia 2008-11-13 10:26   Barriak

'La buena nueva' filmak Euskal Herrian, Gerra Zibilean Eleizeak izan eban zeregina aztertzen dau. Are gehiago, eta hori bai da barritzailea, Eleizearen beraren ikuspegia hartzen dau hainbat jazoera kontetako. Horretarako, bere senide izan zan Marino Ayerraren bizitzan oinarritu da zuzendari nafarra.

Espainiako Gerra Zibilaren inguruko argudioa daben pelikula asko egin dira. Gehiegi, batzuentzat; gitxiegi, beste batzuentzako. Baina Helena Tabernak ('Yoyes', 'Extranjeras') zeozeren faltea hartzen izan dau, Eleiza Katolikoaren zeregina jorratzen daben pelikularik ez egoala, hain zuzen be. Horregaitik filmau dau 'La buena nueva', aste honetan bertan estrenauko daben pelikulea.

Film honek Euskal Herrian, Gerra Zibilean Eleizeak izan eban zeregina aztertzen dau. Are gehiago, eta hori bai da barritzailea, Eleizearen beraren ikuspegia hartzen dau hainbat jazoera kontetako. Horretarako, bere senide izan zan Marino Ayerraren bizitzan oinarritu da zuzendari nafarra. Ayerra Altsasuko parrokoa izan zan 1936an, eta herrira heldu baino bi egun geroago, tropa frankisten okupazinoa bizi izan eban. Hilketak, salaketak, errepresinoa eta injustizia topau zituan heldu bezain laster parroko gazte horrek, eta guzti horren barri itxi eban idatzia ondo gordetako koaderno batzuetan. Helena Tabernak irakurri zituanean jakin eban hor filmau beharreko istorio bat egoala. 'Gerra Zibilaren inguruan istorio pilo bat geratzen dira kontetako; hau zan horreetako bat. Altsasuko parrokoaren istorioagaz, aukera ikusi neban Eleizan emon ziran bi jarrera erakusteko: Francoren Altxamendua babestu ebana eta bestea, gorrien jarrerea hartu ebana'.

Unax Ugaldek egiten dau Ayerraren papela (pelikulan, Miguel abadea) eta Barbara Goenagak medikuaren alargun gazte batena. Bion artean adiskidetasun estu bat sortzen da eta amodiotik hur dagoan zeozer be bai. Hain zuzen be istorioaren tarte hau da fikzino gehien daukana. 'Elementu emozionalak asmautakoak dira; ezin dogu jakin ze motako hartu-emonak egon zira abadearen eta emakume horren artean. Baina egia da Ayerra herriko alargunakandik oso hur egon zala, eta honeek sostengutzat hartu ebela bera' esan dau Helena Tabernak. Barbara Goenagaren ustez, Margariren personaiak (berak antzezten dauena) urte horreetan bizi ziran emakume askoren ordezkari da. 'Eurekaz berba egiten dozunean, zelan sufridu eben eta zelako gauzak aguantau behar izan zituen entzuten dozunean, zeure buruari galdetzen deutsazu ia zelan dan posible hainbeste urtetan bizirik irautea. Superbibentziaren beharra izan behar dau horrek', aitatu dau aktore donostiarrak. Goenaga eta Ugaldegaz batera, Gorka Aginagalde gasteiztarrak primeran egiten dau pariente faxistearen papela. Guillermo Toledo, Joseba Apaolaza, Mikel Tello, Maribel Salas, Klara Badiola eta Kandido Uranga dira parte hartu daben beste interprete batzuk. Pelikulan zehar beste arpegi ezagun batzuk ikus daitekez, euren artean, Jabier Muguruza eta Loquillo kantarienak.

'La buena nueva' Altsasun, Leitzan, Hernanin eta Euskal Herriko beste leku batzuetan errodau dabe. 'Oso hunkigarria izan zan errodajea, jazoera horreek orain urte gitxi pasau baitira. Oraindino be garai hori bizi ebenek ahopeka berba egiten dabe horri buruz', dino zinegileak. Filman islatzen da, esate baterako, zelan Nafarroan gorriak bota egiten zituen osinetik behera. 'Mendiko artzainek kontau euskuen, faxistek alde egiten ebenean, harriak botaten zituela leizeetara, bateren batek min hartu eta intziriren bat entzuteko asmoz, bateren bat bizirik egoelaren seinale'. Hunkigarritasun hori azpimarratzen da oso presentziala dan Angel Illarramendiren musikeagaz. 'Espainako zinean musikea bildurrez erabilten da, beti istorioa jango ete dauen susmoagaz, baina ni musikari baten alabea naiz, musika gustetan jat eta ez daukat bape bildurrik erabilteko. Istorioaren menpean dago musikea, elementu guztiak bezela, eta gogoz eta konplexurik barik sartu dot. Angel Ilarramendik ez dau sekula negar egiten pelikula bategaz, baina lehenengo sekuentzia bialdu neutsonean, hunkitu egin zan bete-betean, eta sinfonia hau horren konsekuentzia da', dino Helena Tabernak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu