Bidebarrieta Kulturgunean Angela Figuera poeta bilbotarraren jaiotzearen urteurrena ospatuko da
2008-10-29 13:35 jardunaldiakHitzorduak publikoari hurreratuko deutso gerra osteko euskal literaturako figurarik handienetakotzat joten dan idazle honen lana, azalpen biografiko batez eta zenbait poemaren irakurketaren bitartez.
Angela Figuera Aymerich poeta bilbotarraren jaiotzearen 106. urteurrena ospatuko da urriaren 30ean, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, 19:30etatik aurrera. Hitzorduak publikoari hurreratuko deutso gerra osteko euskal literaturako figurarik handienetakotzat joten dan idazle honen lana, azalpen biografiko batez eta zenbait poemaren irakurketaren bitartez.
Omenaldia Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi Ibone Bengoetxeak zuzenduko dau, eta berari egokituko jako jardunaldiaren aurkezpena egitea. Topaketea liburutegi bilbotarreko ekitaldi aretoan egingo da, sarrera dobakoa izanik.
Pablo Gonzalez de Langarika poeta bilbotarrak Angela Figueraren obrearen hurreraketea egingo dau, eta honen osogarri legez, Jose Ramon Zabala Agirre idazleak azalpen biografikoa eskainiko dau. Bere agerraldian, Zabalak testuinguru historikoak poetearen obran izan eban eragina azalduko dau. Zabalak, Pablo Neruda, Gabriel Aresti, Blas de Otero, Gerardo Diego, Gabriel Celaya, Antonio Buero Vallejo eta sasoi haretako beste poeta batzuekaz izan zituan hartue-emonak be arakatuko ditu.
Bertaratutakoek idazle horreen eragina egiaztatu ahal izango dabe ekitaldia amaitzeko egingo dan 'Mujer de barro y fuego' errezitaldian. Idatzi-Irakurri alkarteak eta Decires taldeak egingo dabe Angela Figueraren zenbait poema ezagunen irakurketea, Aurelia Alonso, Begoña Barbier, Carmen Martinez eta Carmina Zamoraren lankidetzeagaz. Errezitaldia Presto musika-taldearen laguntzinoagaz egingo da.
Angela Figuera Bilbon jaio zan 1902ko urriaren 30ean, klase ertaineko familia batean, eta etxekoak kontra izan zituan poesia lantzen hasi eta Madrilera Filosofia eta Letrak ikastera joatea erabagi ebanean. Lizentziaturea atara ondoren, plaza bat lortu eban Huelvako institutu batean, eta bertan zala hasi zan Gerra Zibila. Errepublikarren porrotaren haritik -Angela eta senarra honeen aldekoak ziran-, Soria aldera abiatu zan. Hantxe sortu jakon estreinako aldiz argitaratzeko aukera.
Bere lehen lana, 'Mujer de barro', intimismoz betetako poema-bildumea da, zentsureagaz zenbait arazo sortarazo eutsona liburuari darion sentsualtasun eta erotismoagaitik. Lan honi esker, sasoi haretako poeta nabarmenen artean kokatu zan. Horren ondoren, bere liburuetan gerra osteko sufrimenduak islatzen zituen gizarte-gaiak ziran ardatz; horreen artekoak dira 'Belleza cruel' eta 'Toco la tierra', bere poema-bildumarik ezagunenak. Poetea ia anonimotasunean hil zan Madrilen, 1984an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!