Euskadiko 17 enpresa Canneseko MIPCOM edukien munduko azokarik handienean

Bizkaie! 2008-10-10 11:55   Barriak

Basque Audiovisual goiburuan alkartuta, Euskadiko 17 enpresek parte hartuko dabe datorren astelehenean (urriak 13) hasiko dan Canneseko MIPCOM edukien munduko merkaturik handienean.

Basque Audiovisual goiburuan alkartuta, Euskadiko 17 enpresek parte hartuko dabe datorren astelehenean (urriak 13) hasiko dan Canneseko MIPCOM edukien munduko merkaturik handienean. Ehunka enpresa batuko ditu azokeak urriaren 17ra arte, eta euren proiekturik barrienak aurkeztuko deutseez mundu guztiko produkzino-etxe eta telebistei. Aurtengo edizinoan Espainia da herrialde konbidatua eta, 'Focus on Spain' dalakoan izango diran konpainien artean, Euskadiko 17 enpresa batzen dituan Basque Audiovisual be izango da, Eiken Ikus-entzunezkoen Euskadiko Klusterreko arduradunek jakinarazo dabenez.

Eusko Jaurlaritzeak eta Bilboko eta Donostiako udalek Euskadiko ikus-entzunezko sektorearen nazinoartekotzea babestuko dabe, SPRI eta bi urietan lan egiten daben 'Film Commission' diralakoen bitartez MIPCOM 08 azokan izango daben presentziagaz. Basque Audiovisualek erabilera esklusiborako eremu bat izango dau Riviera Hall-en, bere produktuak ezagutarazoteko erakusketa-gune bategaz, bai eta merkataritza-akordioak sorrarazo leikiezan bilerak egiteko eremu bat be.

MIPCOM 08 azokan parte hartuko daben euskal enpresak ondokoak dira: 3Koma, Baleuko, Canal Euskadi, Digitalak, Expressive, Flying Apple, Irusoin, Jarkatza, K2000, MediaBost, Pausoka, Mixer, Signo Digital, Somuga, Tentazioa, Western eta EiTB.

MIPCOMen aurreko edizinoan 105 herrialdetako 4.585 enpresak hartu eben parte, eta, danetara, 5.000 miloe euroko transakzino komertzialak egin ziran.

Orain hamarkada batzuetatik hona ikus-entzunezkoen sektoreko Euskadiko enpresak nazinoarteko merkatu eta azoka nagusietan etenbarik egon diran arren, Eikenek bere gain hartu eban bere egitekoa indartzeko asmoa, ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen partaidetza bateratua ahalbidetuz, Basque Audiovisual izenagaz.

Dagoeneko nazinoarteko zenbait ekitalditan egon ondoren, marka hau finkatu egin da eta onarpen zabala dauka Euskadin egiten dan ikus-entzunezkoen produktuaren nortasun-ikur moduan; era berean, sektorerako danen helburuak lortzeko bidean, enpresen lankidetza-gaitasunaren erakusgarri be bada.

2007an Estadu espainiarreko 245 enpresak hartu eben parte Canneseko MIPCOM azokan. Horreetatik, Basque Audiovisualek % 7 osotu eban, hau da, enpresa kopurua aintzat hartuta, hirugarrena izan zan, Madril eta Bartzelonaren atzetik.

Basque Audiovisual markeak, gainera, on line merkataritza-katalogoa dauka Internet bidez (www.basqueaudiovisual.com), joan zan urtean ikusi ahal izan baitzan tresna eraginkorra zala, batetik, aurretiazko kontaktuak ezartzeko, eta, bestetik, azokan lan-topaketak zehazteko balizko bezero eta kolaboratzaileakaz.

Basque Audiovisual proiektuaren jatorria 2006an dago. Urte horretan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailagaz lankidetzan, Eiken hartu-emonetan jarri zan ICEXegaz, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreak azokan izango dauen partaidetza personalizatuko eredua definiduteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu