Zinebiren 50. urteurrena urriaren 11tik aurrera
2008-10-08 15:50 BarriakZinebi, Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiak 50 urte beteko ditu aurten eta zinemaren eta Bilbo uriaren eboluzinoaren inguruan hausnartzen saiatuko dira.
Zinebi, Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldiak 50 urte beteko ditu aurten eta zinemaren eta Bilbo uriaren eboluzinoaren inguruan hausnartzen saiatuko dira Ernesto del Rio zinemaldiko zuzendariak eta Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak aurkezpen ekitaldian adierazo daben legez. Berrogeita hamargarren edizinoan, Zinebiren lehen egoitzea izandakoa, Gran Via Zinea berreskuratuko da. Lehen edizinoan, 1959an, Fernando Reyk aurkeztuta, Carlos Saurak jaso eban saria, epaimahaikoen artean, Luis Berlanga egoala.
Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditue 'Etorri eta begira-Ven y mira' programearen barruan: zinema zikloak, ikastaroak, kontzertuak eta jaiak.
Julian Lopezen eta Raul Cimasen ('Muchachada Nui'-ko aktoreak) bakarrizketeagaz hasiko dira jarduerak datorren zapatuan.
Hortik aurrera, egitarau potoloa preparau dabe antolatzaileek. Hilaren 13tik 17ra bitartean, Simone de Beavoir talde feministeak antolatuta 'Zinemakumeak' zikloan emakumeek zuzendutako eta saritutako film laburrak izango dira ikusgai.
Bestetik, Miren Jaio eta Oier Etxebarriak koordinautako Talka Egin/Talking! zikloa be izango da urriaren 18tik 28ra.
Bestelakoan, urriaren 21etik 25era bitartean Gidoiaren Euskal Astea, Zinebin erakutsitako euskal zuzendarien dokumental, fikzino eta animazinozko filmak urriaren 27 eta 30 bitartean, berbarako, 1960an saritutako Elias Querejetarenak zein 2007an saritutako Iziñe Oñaederrarenak, Gracia Querejetak emongo dauen gidoi ikastaroa (zemendiaren 17tik 20ra) eta liburu aurkezpenak nabarmendu daitekez.
Zemendiaren 6tik aurrera, 'Zinebi y Bilbao: 50 años en corto' erakusketan, zinemaren azken 50 urteotako ibilbidea errepasauko da, argazki, kartel, egunkarietako zati, ilustrazino eta irudien bitartez. Hiru gai izango dira oinarri uriaren azken bost hamarkadak gainbegiratzeko: Zinebiren historia, Bilbok zineman izan dauen presentzia eta Bilbok hedabideetan izan dauen tokia momentu bakotxean.
Kontuak kontu, Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Zinemaldia zemendiaren 23tik 29ra egingo da Arriaga Antzokian.
Informazino gehiagorako: zinebipress
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!