'Bilboloop 2008 Jaialdia' izango da urrian Bilboko Kafe Antzokian

Gotzon Uribe 2008-09-25 15:57   Musikea

Jaialdiaren aurkezpena urriaren 10ean izango da gaueko 21:30ean eta La Habitación Roja Valentziarrek eta Tom Boyle Getxoko talde gazteak joko dabe. Danetara, urriaren 10, 24 eta 25ean 9 taldek joko dabe.

Aurten zazpi urte beteko ditu Bilbon pop musikea elektronikeagaz buztartzen dituan Bilboloop jaialdiak. Urriaren 10, 24 eta 25ean Bilboko Kafe Antzokiak 9 talde desbardin hartuko ditu.

Jaialdiaren aurkezpena urriaren 10ean izango da 21:30ean eta La Habitación Roja Valentziarrek eta Tom Boyle Getxoko talde gazteak joko dabe. La Habitación Roja Valentziako taldea izango da Bilbon bere disko barria aurkezten: 'Cuando ya no queda nada' (2007). Gaztelaniaz abesturiko indie-rock estiloan izen esanguratsua da eurena. Los Planetas edota Deluxe moduko taldeen mailan euren abestietan pop melodiak gitarrakaz buztartzen ditue testu finez osoturiko kantuak jorratuz.

Urriaren 24an, Dragonette talde ingelesa izango dogu, baita Loto Portugaleko taldea eta Munlet Mendaroko bikotea be. Gau horretan rock musikea jantzalekura hurreratuko da, hiru taldeek jantzarako rocka jorratzen dabe eta. Dragonette taldea pil-pilean dago egunotan, hainbat dj ezagunek euren abestien erremixak be egin ditue eta.

Hurrengo egunerako, urriak 25, pop doinuek euren lekua hartuko dabe Pony Pony Run Run frantziarren eskutik –momentuko taldea dira Frantzian-, doinu lasai eta alaiak Lacrosse taldearen eskutik etorriko dira eta kartela osotuz Charades taldea izango da, 2001ean Bilbotik Madrilera joandako Isa bilbotarrak sorturiko taldea.

Jaialdia ikusteko sarrerak 8 euroan dagoz salgai aurretik erosi ezkero eta 10 euroan txarteldegian. Hiru egunetarako bonoak 15 euroan eros daitekez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu