Jose Luis Borauren inguruko atzera begirakoa Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2008-09-05 15:15   Barriak

Bilboko Arte Eder Museoaren Zinematekak Jose Luis Borau zinema zuzendari, produktore eta gidoilariaren atzera begirako zikloa eskainiko dau irailaren 4tik 27ra bitartean.

Bilboko Arte Eder Museoaren Zinematekak Jose Luis Borau zinema zuzendari, produktore eta gidoilariaren atzera begirako zikloa eskainiko dau irailaren 4tik 27ra bitartean. Emonaldiak eguenetan, barikuetan eta zapatuetan izango dira museoan eta pelikulak 18:00etan eta 20:00etan ikusi ahal izango dira. Sarrerak 3 euroren truke eskura daitekez.

Zinemagile aragoitarra 1961ean hasi zan zinemaren munduan 'En el rio' film luzeari esker. Hamarkada honetan Hollywoodeko joerei jarraituz Spaghetti Westernak eta thrillerak egiteari ekin eutson, baina ez eban arrakasta handirik lortu.

Horren ostean, El Iman, bere produkzino etxea sortu eban eta, batik bat, besteen iragarki eta pelikulak egin zituan. 1974an 'Hay que matar a B.' pelikulea egin eban, gero bere obra izango zanaren ezaugarriak islatzen zituan thriller politiko bat.

Urtebete aurrerago heldu jakon arrakasta komertziala, 'Furtivos' filmari esker. Pelikula honek Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi eban. 1979an 'La Sabina' filmau eban, eta 1984an 'On the line' estreinau eban, David Carradine eta Victoria Abrilegaz batera.

1986an 'Tata mía' filmau eban arrakasta nabarmena lortuz eta 1997an 'Niño de nadie'. Telebistarako 'Celia' tele-saioa grabetako arduraduna be izan zan. Bere azken lana 'Leo' (2000) filma izan da.

Jose Luis Borauren ibilbidean zehar hainbat sari jaso ditu, besteak beste, 2002an jasotako Zinematografiaren Sari Nazionala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu