Richard Eyreren 'The Other Man' filmak emongo deutso hasierea Donostiako Zinemaldiari
2008-09-04 13:05 BarriakBernard Schlink idazle alemaniarraren Liebesfluchten liburuko kontakizun batean oinarritzen dan pelikula honek hiru erpineko amodioa eta obsesino erromantiko bat deskribiduten dau eta intriga elementuz beteta dago.
Erresuma Batuko 'The Other Man' produkzinoak emongo deutso hasierea Donostiako Zinemaldiaren 56. edizinoari. Filma Richard Eyrek zuzendu dau eta Liam Neeson, Antonio Banderas eta Laura Linney dira protagonista nagusiak. Bernard Schlink idazle alemaniarraren Liebesfluchten liburuko kontakizun batean oinarritzen dan pelikula honek hiru erpineko amodioa eta obsesino erromantiko bat deskribiduten dau eta intriga elementuz beteta dago.
Richard Eyre zuzendariak ibilbide luzea egin dau telebista britainiarrean hasi zanetik, eta maitasunaren konplexutasunak islatzeko aparteko trebezia erakutsi dau bere aurreko lanetan, besteak beste, 'Iris' (2001), 'Stage Beauty' (2004) eta 'Notes On a Scandal' (2006) filmetan.
Beste alde batetik, Rian Johnson zuzendariaren bigarren film luzea dan 'The Brothers Bloom' filmak emongo deutso amaierea Donostiako Zinemaldiari. Oscar sariaren jaube diran Adrien Brody (The Pianist) eta Rachel Weisz (The Constant Gardener), Mark Ruffalo eta Oscar sarirako hautagai izentau eben Rinku Kikuchi (Babel) dira 'The Brothers Bloom' filmaren protagonistak. Komedia honetan, Bloom anaia iruzurtien gorabeherak jarraitu ahal izango dira, genero nahasketa bitxi batez.
'Brick' filmari esker da ezaguna Rian Johnson zuzendaria. Pelikula honegaz Sundance Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso eban, Sitgesen zuzendari barriari emondako saria be bai eta AEBtako kritikarien alkarteko hainbat sari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!