Kimuak 2008ko film laburrak irailean aurkeztuko ditue Donostiako Zinemaldian

Bizkaie! 2008-08-29 10:44   Barriak

Euskal film laburrak sustatzea helburu dauen katalogo honetan parte hartzeko aukeratutako lanen artean, Gipuzkoan produzidutakoak nabarmendu dira aurten, izan be, aukeratutako zortzi lanetatik zazpi Gipuzkoan egindakoak dira eta bestea Bizkaian.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak alkarregaz antolatutako Kimuak programako 11. edizinoak baditu dagoeneko protagonistak. Euskal film laburrak sustatzea helburu dauen katalogo honetan parte hartzeko aukeratutako lanen artean, Gipuzkoan produzidutakoak nabarmendu dira aurten, izan be, aukeratutako zortzi lanetatik zazpi Gipuzkoan egindakoak dira eta bestea Bizkaian.

Katalogoa zabalduko dauen lana Jon Garañok Etiopian filmautako eta Moriarti Produkzinoak etxeak produzidutako 'Asämara' dokumentala da. Film laburrari izenburua emoten deutson berbeak 'lan egitera bialdu' esan nahi dau etiopieraz eta, bertan, Afrikan lanean dabilzan umeen errealidadea aztertzen da.

Katalogoko bigarren lana Javi Alonso eta Raúl Lópezek zuzendutako eta Hernaniko La Burla Producciones enpreseak produzidutako 'Autorretrato' drama zapaltzailea da; aurrez aurre dagozan bi emakume dira laneko personaia bakarrak.

Hirugarren film laburra Artelekun Vuk Jevremovic artista kroaziarrak koordinauta eta Isabel Herguera donostiarraren partaidetzeagaz egindako animazino tailer baten egindako 'Berbaoc' da. Egileak José Belmonte, Gustavo Díaz, Irati Fernández, Izibine Oñederra eta Mercedes Sanchez-Agustino animatzaileak dira, eta lana Xabier Erkiziaren soinu konposizino batean oinarritutako esperimentazino librea da.

Laugarren film laburra Aritz Moreno donostiarrak zuzendutako eta Donostia bertako Pok Produkzinoak produzidutako 'Cotton Candy' da. Julio Kortazar idazle argentinarraren 'No se culpe a nadie' ipuinean era librean inspirautako lana da; bertan, ipuinak berezkoa dauen zentzubakokeria eta irrealtasun sentsazinoa emotea lortzen dau Aritz Morenok.

Hurrengo film laburra 'On the line' dokumental faltsua da -Asämara dokumentala bezela, Jon Garañok zuzendutakoa eta Moriarti Produkzinoak etxeak egindakoa-. 'On the line' lanean, Nafarroako Errege Bardeak Ameriketako Estadu Batuen eta Mexikoren arteko muga bihurtzen dira; bertan, etorkin mexikarrek muga igarotzea galarazotea helburu daben boluntario armatuak topauko doguz.

Bizkaian egindako lan bakarra David Gonzálezek zuzendu eta produzidutako 'El tiempo prestado' da. Familia drama horretan, mobiduten ez dan kamera bat hirugarren adinekoek etxebizitzetan dituen mugikortasun arazoen lekuko da.

Beste alde batetik, Raúl López eta Gregorio Muro gipuzkoarrek alkarregaz zuzendutako eta produzidutako 'Tras los visillos' thriller fantastikoa da, tensinoz betetako gore ukutuko istorio iluna.

Katalogoa zarratzen dauen film laburra Gorka Comejo donostiarrak zuzendutako eta Donostia bertako Koldo Zuazuak produzidutako 'Yo sólo miro' da. Istorio goibel batean, adineko senar-emazte batzuen sekretu ez autortuak ezagutarazoten dira. Azken lan honek hainbat sari lortu ditu dagoeneko, tartean Elxeko Nazinoarteko Zinema Jaialdikoa.

Katalogoan hiru genero handiak azaltzen dira lehen aldiz; hau da, fikzinoa, animazinoa eta dokumentala. Gainera, laugarren genero hibrido batek be, dokumental faltsuak, lekua eukiko dau aurten.

'Ez dakigu film labur honeek sari asko edo gitxi irabaziko dituen; ez dakigu zinema jaialdi askotan edo gitxitan hartuko daben parte. Ez dakigu, era berean, Oscar edota Goya sarietarako izentauko dituen ala ez; baina, jakin badakigu, edonon aurkezten dirala be, euskal ikus-entzunezkoen mundua leku onean itxiko dabela', adierazo dau Miren Azkarate Kultura sailburuak.

Nabarmendu behar da Kimuak ekimeneko historian lehen aldiz, bi zuzendarik, Jon Garaño eta Raúl López donostiarrek, bina lan izango dituela katalogo berean.

Kimuak 2008ko film laburrak irailean aurkeztuko ditue Donostiako Zinemaldian eta, ordutik aurrera, aurreko urteetako lanek izandako ibilbide arrakastatsu bera izatea espero dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu