Jonathan Demme izango da Donostiako Zinemaldiko epaimahai ofizialeko presidentea
2008-08-08 11:40 Barriak'The Silence of the Lambs' (1991) filmagaz zuzendari onenaren Oscar saria irabazi eban eta, besteak beste, 'Something Wild' (1986), 'Philadelphia' (1993), 'The Manchurian Candidate' (2004) eta 'Neil Young: Heart of Gold' (2006) lanak egin ditu.
'The Silence of the Lambs' (1991) filmagaz zuzendari onenaren Oscar saria irabazi eban eta, besteak beste, 'Something Wild' (1986), 'Philadelphia' (1993), 'The Manchurian Candidate' (2004) eta 'Neil Young: Heart of Gold' (2006) lanak egin dituan Jonathan Demme izango da Donostiako 56. Nazioarteko Zinemaldiko epaimahai ofizialeko presidentea, jaialdiaren arduradunek jakinarazo dabenez.
Jonathan Demme azken hiru hamarkadetako Ameriketako Estadu Batuetako (AEB) zinemearen talentu handienetakoa da. New Yorkeko zuzendari, produktore eta gidoilariak nazinoartean arrakastea izan daben produkzino handiak bestelako proiektuakaz buztartzen jakin dau.
'The Silence of the Lambs' lanagaz, thriller modernoan mugarri bat jarri eban, Hannibal Lecter pertsonaiari esker. 'Philadelphia' pelikuleagaz, barriz, mundua harrituta itxi eban Hiesaren arazoa gaitzat hartuta.
Lan horreez ganera, Demmek dokumentalgintzan be jardun izan dau 'The Agronomist' (2003) eta 'Jimmy Carter Man From Plains' (2007) lako lanakaz. Lehenengo dokumentalean, Jean Dominique kazetari eta giza eskubideen aldeko ekintzailearen erretratua egiten dau Demmek eta, bigarrenean, AEBetako Jimmy Carter presidente ohiak Palestinaren ganeko bere liburua aurkezteko egindako birea jarraitzen dau. Egun, 'Right to Return: New Home Movies from the Lower Ninth Ward' da Demmen proiektu dokumentala, New Orleans berreskuratzeko beharraren ganekoa. Ganera, Bob Marley musikariaren ganeko dokumentala be esku artean dauka.
Aitatutako proiektuez gan, zinemagilea 'Rachel Getting Married' eta 'Neil Young Trunk Show' izeneko filmetan bete-betean sartuta dago.
Biografia
Jonathan Demme Baldwinen (New York, AEB) jaio zan, 1944an. Zinemako bere lehenengo hiru lanak, 'Caged Heat' (1974), 'Crazy Mama' (1975) eta 'Fighting Mad' (1976), Roger Corman produktore mitikoaren New Word Pictures produkzino-etxearentzat egin zituan. Jarraian, Hollywoodeko zinema-estudio handientzako lanean hasi eta 'Handle with Care' (1977), 'Last Embrace' (1979) eta 'Melvin and Howard' (1980) lanak egin zituan. Azkenean, nazinoarte mailako ospea lortu eban 1980ko hamarkadako komedia onenetakoa dan 'Something Wild' (1984) filmagaz.
Orain arte, hirutan parte hartu dau Demmek Donostiako Zinemaldian: 'Stop Making Sense' lanagaz lehiaketatik kanpo Zuzendari Barriak sailean 1984an; 'Married to the Mob' filmagaz Sail Ofizialean 1988an; eta 'Neil Young: Heart of Gold' lanagaz Zabaltegiko Perlak sailean 2006an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!