Euskal ikus-entzunezkoen sektoreko formatu barrienak aurkeztuko ditue 19 euskal enpresek MIPCOM azokan
2008-07-22 10:30 BarriakEuskal ordezkaritzea ondokoek osotuko dabe MIPCOM Azokan: 3Koma, Baleuko, Canal Euskadi, Expressive, Flying Apple, Gizer, Idem, Irusoin, Jarkatza, K2000, MediaBost, Orio Produkzioak, Pausoka, Retelsat, Western, Signo Digital, Silverspace, Somuga eta Virtualware.
Danetara, 19 euskal enpresek parte hartuko dabe urriaren hasieran Cannesko (Frantzia) MIPCOM azokan, edukien munduko merkaturik handienean, barriro be Basque Audiovisual marka bateratuagaz. Enpresa horreek Euskadiko ikus-entzunezkoen arloa osotzen daben garrantzitsuenetakoak dira, eta aurkeztuko dituen produktuen katalogoaren barruan, Euskadin produzidutako formatu barri eta arrakastatsuenetako batzuk dagoz, bai entretenimenduko programen atalean, zein dokumental edota animazinoko programen atalean.
Eiken Euskadiko IKus-entzunezkoen Klusterreko arduradunen arabera, orain hamarkada batzuetatik hona ikus-entzunezkoen sektoreko Euskadiko enpresak nazinoarteko merkatu eta azoka nagusietan etenbarik egon diran arren, klusterrak egiteko hori indartzeko asmoa bere gan hartu eban, ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen partaidetza bateratua ahalbidetuz, Basque Audiovisual izenagaz.
Honezkero, nazinoarteko zenbait ekitalditan egon ondoren, marka hau finkatu egin da eta onarpen zabala dauka Euskadin egiten dan ikus-entzunezkoen produktuaren nortasun-ikur moduan; era berean, sektorerako guztien helburuak lortzeko bidean, enpresen lankidetza gaitasunaren erakusgarri be bada.
2007ko edizinoan, Estadu espainiarreko 245 enpresek hartu eben parte Cannesko MIPCOM azokan. Horreetatik, Basque Audiovisualek % 7 osotu eban, hau da, enpresen kopurua aintzat hartuta, hirugarrena izan zan, Madril eta Bartzelonaren atzetik. Oraingoan, euskal ordezkaritzea % 12 igon da ekitaldira joango diran enpresen kopuruari jagokonez.
Kontuak kontu, merkataritza-ordezkaritzea ondokoek osotuko dabe: 3Koma, Baleuko, Canal Euskadi, Expressive, Flying Apple, Gizer, Idem, Irusoin, Jarkatza, K2000, MediaBost, Orio Produkzioak, Pausoka, Retelsat, Western, Signo Digital, Silverspace, Somuga eta Virtualware.
Basque Audiovisual markak, gainera, on line merkataritza-katalogoa dauka Interneten (www.basqueaudiovisual.com); izan be, igaz ikusi zan tresna eraginkorra zala, batetik, aurretiazko kontaktuak ezartzeko, eta, bestetik, azokan lan-topaketak zehazteko. Hain zuzen be, irailean promozino-kanpaina bat jarriko da abian Internet bidez; aurkezpen-mailing bat egingo jake mundu guztian ikus-entzunezkoen sektoreagaz zuzenean lotutako kontaktuei. Era horretara, Basque Audiovisualen on line katalogorako sarbidea erraztu nahi da, bertan baitagoz enpresa guztiak eta euren lanen kontakturako datuak eta aurkezpenak.
Basque Audiovisual proiektuaren jatorria 2006an dago. Urte horretan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailagaz lankidetzan, Eiken harremanetan jarri zan ICEXegaz, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektoreak azokan izango dauen partaidetza personalizatuko eredua definiduteko.
Klusterraren helburua zan ikus-entzunezkoen sektoreagaz lotutako enpresa eta erakunde ugariren presentzia ahalbidetzea MIPCOM azokan. Holan, euren produktuak erakutsi eta kontaktu interesgarriak egin ahal izateko, eta, era berean, Euskadiko ikus-entzunezkoen sektorearen irudia sendotzeko.
Basque Audiovisualen aurkezpena, Euskadiko ikus-entzunezkoen industriak nazinoartean izango dauen marka legez, Cannesen izandako aurreko MIPCOM azokan egin zan. Enpresek balantze positiboa egin eben; izan be, merkataritza-akordioak zarratu eta balio handiko kontaktuak egin zituen euren produktuak sustatzeko eta nazinoartean zabaltzeko.
Hortik aurrera, Basque Audiovisualek MIPTV 08 azokan parte hartu dau, eta, joan dan bagilean, genero dokumentalari buruzko nazinoarteko azokarik handienetakoa dan Sunny Side of the Doc dalakoan parte hartu eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!