Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango diran zuzendarien izenak jakinarazo ditue
2008-06-27 11:33 BarriakDaniel Burman, Christophe Honoré, Kim Ki-duk eta Jaime Rosales zuzendari ospetsuak dira aurtengo Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko Sail Ofizialean lehiatuko diranetako batzuk. Era berean, Kristian Levring, Courtney Hunt estadubatuarra eta Rashid Masharawi palestinarra be izango dira lehia horretan.
Daniel Burman, Christophe Honoré, Kim Ki-duk eta Jaime Rosales zuzendari ospetsuak dira aurtengo Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko Sail Ofizialean lehiatuko diranetako batzuk. Era berean, Kristian Levring, Courtney Hunt estadubatuarra eta Rashid Masharawi palestinarra be izango dira lehia horretan. Urrezko Maskorra eta Donostiako Zinemaldiko 56. edizinoko (irailaren 18tik 27ra) palmareseko ganerako sariak lortzeko aukerea izango dabenen lehenengo izenak dira horreek.
Daniel Burman argentinarrak bere seigarren filma aurkeztuko dau: 'El nido vacío'. Filmak arrakasta handia izan dau Argentinan. Zuzendariak Zilarrezko Hartza irabazi eban Berlingo Zinemaldian 'El abrazo partido' (2004) filmagaz. Horrezaz ganera, beste hainbat sari be irabazi ditu ganerako filmakaz: 'Esperando al Mesías' (2000), 'Todas las azafatas van al cielo' (2002) eta 'Derecho de familia' (2006).
Christophe Honoré zuzendari ezagunenetarikoa da Frantzian eta 'La belle personne' filma aurkeztuko dau Donostian. Bere azken film luze biak Cannesen aurkeztu ondoren, 'Dans Paris' (2006) Zuzendarien Hamabostaldian eta 'Les Chansons d'amour' (2007) Sail Ofizialean, Christophe Honoré-k egungo Parisera eroman dau 'La Princesse de Clèves' nobela klasikoa. '17 fois Cécile Cassard' (2002) eta 'Ma mère' (2004) izan ziran zuzendariaren lehenengo lanak.
Kim Ki-duk korearra egungo Asiako zinemaren maisuetako bat da. 'Bi Mong (Dream)' filmagaz izango da Donostian. Lan horretan, bikoteen munduan sartuko da, alkar maite eta gorroto daben lagun biren ostendutako desioak erakutsiko ditu amesetako mundu baten bidez. Kim Ki-duk lehenengo aldiz izango da Sail Ofizialean. Edozelan be, kritikearen Fipresci saria jaso eban 2005ean, '3-Iron' filmagaz, eta 2003an Gailurrak ataleko publikoaren saria 'Spring, Summer, Fall, Winter... and Spring' lanagaz. Zuzendari korearra mundu osoan sariak jaso dituan beste film batzuen egilea be bada: 'The Isle', 'Samaritan Girl' (2004), 'The Bow' (2005) eta 'Time' (2006).
Jaime Rosalesek 'La soledad' filmagaz zuzendari onenaren eta film onenaren Goya sariak jaso zituan igaz. Aurten, bere azken filma, 'Tiro en la cabeza', ekarriko dau Donostiara. Bartzelonako zuzendariaren lehenengo lana 'Las horas del día' (2003) izan zan, eta Fipresci saria jaso eban Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian. Bere film barrian zinema hizkuntza barriak aztertzen jarraitzen dau, 'La soledad' (2007) lanean egin eban moduan. Azken film horri esker, ezagun egin zan nazinoartean, Canneseko zinema jaialdiko Un Certain Regard lehiaketan parte hartu ostean.
Kristian Levring 'Dogme 95' mobimentuaren sortzaileetako bat da eta dotrina horretan jasotako teorien arabera egin eban 'The King Is Alive' (2000) filma (Cannesen parte hartu eban). Aurten, 'Den Du Frygter (Fear Me Not)' bere laugarren pelikula aurkeztuko dau Donostian. Thomas Jensen-egaz batera idatzitako film horrek Oscar saria jaso eban. Filmaren protagonistea Ulrich Thomsen da. Aktore horrek 2004an Zilarrezko Maskorra irabazi eban Donostiako Zinemaldian 'Brodre' filmagaz.
Rashid Masharawi zuzendari palestinarrak, besteak beste, 'Curfew' (1994) eta 'Ticket to Jerusalem' (2002) filmak egin ditu; azken horregaz, Kairoko zinema jaialdian Zilarrezko Piramidea irabazi eban. Horrezaz ganera, dokumentalak be egin ditu: 'En direct de Palestine' (2003) eta 'Arafat, mon frère' (2005), berbarako. Orain Donostian aurkeztuko dau bere azken lana, 'Eid Milad Laila (Laila's Birthday)'. Film horretan, Ramalan egun bat zelakoa dan kontetan dau, taxi-gidari legez lan egin behar dauen epaile baten bitartez.
Azkenik, Sail Ofizialean Courtney Hunt zuzendari estadubatuarra izango da 'Frozen River' lanagaz. Filmak 2008ko Sundanceko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso eban eta Quentin Tarantino zuzendari ezagun eta epaimahaiko kideak esan eban AEBen pobreziaren deskribapen bikaina zala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!