Kimuak 2007 katalogoko film laburrek 84 sari jaso ditue eta 500 jaialditan emon dira orain arte

Bizkaie! 2008-06-24 16:48   Barriak

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kimuak programearen helburua Euskadiko Filmategiak kudeatzen dituan euskal film laburrak Euskal Herrian bertan eta kanpoan aurkeztea da.

Irailean urtebete izango da Kimuak egitasmoaren X. edizinoko film laburrak aurkeztu zirala. Ordutik, Kimuak 2007 katalogoa osotzen daben zortzi film laburrak mundu osoan ibili dira eta, behin-behineko balantze moduan, urte honetako zortzi lanek ia 500 aukeraketa (491) lortu ditue jaialdietan eta 84 sari jaso.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kimuak programearen helburua Euskadiko Filmategiak kudeatzen dituan euskal film laburrak Euskal Herrian bertan eta kanpoan aurkeztea da. Egitasmoaren arduradunek programearen behin-behineko balantzea aurkeztu dabe gaur Donostian.

‘Hezurbeltzak, una fosa común’ Izibene Oñederra zuzendari azkoitiarraren lehenengo lanak hainbat lekutan lortutako sariak nabarmendu daitekez, Stuttgart (Alemania), Brooklyn (AEB) eta Zagreben (Kroazia).

Dana dala, Kimuak 2007 katalogoko beste film labur batzuek be sari garrantzitsuak jaso ditue nazinoarteko jaialdietan. Esaterako ‘Columba Palumbus’-ek Kolonbian jaso dau saria; ‘Decir adiós’-ek Uruguain; ‘Las horas muertas’ eta ‘No es una buena idea’ lanek Italian; ‘Limoncello’ filmak Alemanian eta ‘Taxi?’ eta ‘Traumalogía’ AEBetan, Frantzian eta Italian.

Txema Muñoz Kimuak programearen koordinatzailearen arabera, 2007ko katalogoaren behin-behineko balantzea oso positiboa da, batez be, edizino horretarako aukeratutako film laburren aldeko apustua arriskutsua izan zalako, ez baitziran film konbentzionalak eta jaialdietan arrakastea izaten daben parametroetatik kanpo egozalako.

‘2005eko programeagaz lorturiko mailara heldu ez garan arren, ‘Éramos pocos’, ‘Sintonía’, ‘La guerra’ edo ‘El gran Zambini’ film laburrakaz 1.200 aukeraketa eta ia 300 sari lortu baitziran orduan, argi dago Kimuak erreferentziazko programea dala oraindino hainbat jaialdirentzat’.


Kimuak 2008

Kimuak 2008 programan parte hartzeko epea garagarrilaren 24an amaituko da. Deialdi honetara zine edo bideo formatuan eginiko edozein ikus-entzunezko obra aurkeztu ahal izango da. 30 minutu baino gitxiago iraun behar dabe, 35 mm-ko azken kopia euki behar da eta kopia horrek 2007ko irailaren 30a baino beranduago egina izan behar dau. Eskaerak Euskadiko Filmategia Fundazinora bialdu beharko dira DVDaren kopiagaz batera.

2008ko Kimuak programan parte hartzeko zenbait baldintza bete behar ditue errealizadoreek eta produktoreek. Eskatzailea errealizadorea bada, deialdi hau kaleratu aurreko urtebetean Euskal Autonomia Erkidegoan bizitakoa izan beharko dau, edota EAEn, gitxienez, bost urtez jarraian bizi izan dala frogatu beharko dau, edota aldika hamar urtez.

Era berean, eskatzailea produktorea edota produkzino-etxea bada, EAEn helbideratuta egoteaz gan, inbersinoaren % 50 izan beharko dau, gitxienez; % 50 euki ezean, produkzinoko parte-hartzaileen arteko portzentaje handiena berea izan beharko da, gitxienekoa % 35 izango dalarik. Dana dala, produktoreak derrigorrez Instituto de la Cinematografía y de las Artes Audiovisualeseko (I.C.A.A, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua) Kalifikazino Ziurtagiria emon beharko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu