Sydney Pollack Hollywoodeko zinemagilea hil da
2008-05-27 12:08 BarriakMinbiziak jota hil da, 73 urtegaz. Besteak beste, Out of Africa (Oscar bi emon eutsozan filma) eta Tootsie (Dustin Hoffman emakumez jantzita agertzen dan pelikulea) zuzendu zituan.
Hollywoodeko zinemagilerik handienetakoa, Sydney Pollack, 73 urtegaz hil da, minbiziak jota.
Zinemagileak 70eko eta 80ko hamarkadetan ikutu eban Hollywoodeko zerua. Ordukoa da, berbarako, Out of Africa, zuzendari onenaren Oscar saria emon eutson filma.
Pollackek ibilbide luzea egin dau zinemagintzan. Lehenengo, aktorea izan zan; gero zuzendari, eta azkenean produktore.
Tootsie, bere lanik onenetakoa
Zuzendari legez, 80ko hamarkadearen lehen erdia izan eban garai emonkorrena. 1982an Tootsie zuzendu eban, eta obra horregaz 10 hautagaitza lortu zituan Oscarretarako. Edozelan be, sari bakarra lortu eban: taldeko emakumezko aktore onenarena, Jessica Langek lortua.
Film horretan, besteak beste, Dustin Hoffman eta Geena Davis aktoreek parte hartu eben.
Oscar bi irabazi zituan
Zuzendari onenaren Oscar sariaz gan, film onenarena be lortu eban Out of Africa pelikuleagaz. Lau hamarkadako ibilbidean beste lau biderrez izentau eben Oscarretarako.
Bere seme-alabetako bat istripuz hil eta gero, hainbat urte zinemagintzatik kanpo egin zituan. 1995ean bueltau zan, Sabrina obreagaz. 50eko hamarkadan Billy Wilderrek egindako filmearen egokitzapena izan zan.
Azken aldian produktore lanetan ibili zan Pollack. Besteak beste, Sense and Sensibility (1995), The English Patient (1996) eta Cold Mountain (2003) produzidu ditu.
Azken lanak
Bere azken proiektuak The Reader eta Margaret izan dira, aurten estreinauko dituen film bi.
Pantaila handian, Made of Honor filman egin dau azken agerraldia aktore legez.
Sydney Pollack 1934ko garagarrilaren 1ean jaio zan Lafayetten (Indiana, AEB).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!