‘Lars y una chica de verdad’, film onenarentzako Fant 2008 saria

Bizkaie! 2008-05-15 19:43   Barriak

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XIV. edizinoko epaimahaiak sail ofizialeko film onenarentzako FANT Saria emon deutso Craig Gillespie zuzendari australiarraren ‘Lars y una chica de verdad’ izenburuko pelikuleari.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XIV. edizinoko epaimahaiak sail ofizialeko film onenarentzako FANT Saria emon deutso Craig Gillespie zuzendari australiarraren ‘Lars y una chica de verdad’ izenburuko pelikuleari. Komedia dramatiko honek mutil gazte baten eta benetako personatzat hartzen dauen panpina baten arteko amodio istorioa kontetan dau, eta sari ugari jaso ditu nazinoarteko hainbat jaialditan.

Filmaren gidoia, ‘Six feet under’ telesaileko lanari esker ezaguna egin dan Nancy Oliver-ek idatzi dau, eta Oscarrerako izentau eben amerikar zine akademiak antolatutako sarien azken edizinoan. Gidoia ez eze, Estadu Batuetako kritikariek Ryan Gosling protagonistearen interpretazinoa be goraipatu dabe, eta bata zein bestea, dozena bat saritarako izentauta egon dira, Golden Globes eta Satellite sari prestigiotsuak eta antzezle, kritikari eta zine-gidoilarien alkarteek sustatutako beste sari batzuk be tarteko dirala.

FANT Zinemaldiko epaimahaiak (Bego Vicario, Carmen Urruela eta Inés Peña) ‘ezinezko istorioa sinisgarri egiten dauen alegiaren orijinaltasuna’ nabarmendu eta filmaren kalidade zinematografikoa eta antzezleen lan bikaina aldarrikatu ditu. Horrezaz gan, epaimahaia pozik agertu da FANTen edizino honetan lortutako kalidade artistikoagaitik. Gogoan izan behar da FANTen sail ofizialean genero fantastikoak eskaintzen dituan ahalbide anitzen aukeraketa zabala ikusteko aukerea egon dala, besteak beste, gorea, bildur klasikoa edo fantasia hutsa. Azken atal honen erakusgarri bikaina dogu film irabazlea.

Film onenarentzako FANT Zinemaldiko sariak 6.000 euroko diru-saria dakar aldean. Amaierako ekitaldia, Jon Gaubeka antzezleak aurkeztutakoa, bihar, arratsaldeko 20:30etatik aurrera egingo da Bilbon, Capitol zine-aretoan, eta ekitaldi berean, edizino honetako ganerako sariak be banatuko dira: ‘El Orfanato’ filmeko soinu-bandea egin dauen Fernando Velázquezek eskuratuko dauen talentu gazteentzako Fantrobia saria, eta animazinozko eta fikzinozko film laburrentzako Nontzeflash eta Nontzefilm sariak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu