Fidel Nadal argentinarraren reggae musikea barriro entzungai

Gotzon Uribe 2008-05-06 18:21   Musikea

'Todos Tus Muertos' taldeko kantaria bueltan da 'Emocionados' izeneko lan barriagaz. Goitik behera reggae musikan oinarritzen dan diskoa da. Argentinarrak Buenos Airesen grabau dau lana Ezequiel Araujo produktoreagaz.

Fidel Nadal argentinarra karismaz beteriko musikaria da, sormen handikoa eta trebea abestiak sortzeko orduan. Bere familia Angolako esklabuen belaunalditik dator, Fidel bera 80. hamarkadearen erdian hasi zan musikearen munduan, garai haretan deskubridu zituan Peter Tosh, Bob Marley edota The Skatalites lako artistak. Ondorioz, begibistan da reggae musikea izan dala bere iturburua, gerora beste estilo batzukaz nahastau badau be.

90. hamarkadan 'Todos Tus Muertos' taldea sortu eban eta reggae, punk eta ska estiloak buztartu zituan. Sei disko plazaratu zituan TTM taldeagaz, gurean Gora Herriak zigilupean (gero Lumumba taldearen disko batzuk be argitaratu zituan). Mano Negra, Negu Gorriak eta Los Tigres del Norte taldeakaz kolaborazino-lanak egin izan ditu eta 2000. urtean 'Todos Tus Muertos' itxi eta bakarkako ibilbideari ekin eutson. Denpora-tarte honetan guztian munduko leku desbardinetako reggae musikariakaz egin izan dau lan produktore legez.

Orain, bere lan barrienagaz dator, 'Emocionado' izenekoagaz. Goitik behera reggae musikan oinarritzen dan diskoa da. Lana Buenos Arisen grabau dau Ezequiel Araujo produktoreagaz batera eta Mickey Dread jamaikarra, Alerta eta Shainy artistak lagun izan ditu. Diskoa Boomerang Discos eta Carlitos Records zigiluen artean plazaratu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu