Zabalik dago 'Kimuak' programan parte hartzeko epea

Bizkaie! 2008-05-06 11:31   Barriak

Deialdi honetara zine edo bideo formatuan eginiko edozein ikus-entzunezko obra aurkeztu ahal izango da garagarrilaren 24ra bitartean. Ordu erdi baino gitxiago iraun behar dabe, 35 mm-ko azken kopia euki behar da eta kopia horrek 2007ko irailaren 30a baino beranduago egindakoa izan behar dau.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak abiatu dau Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) edozein hizkuntzatan egingo diran film laburrak sustatzea, zabaltzea eta banatzea helburu dauen 2008. urteko 'Kimuak' programan parte hartzeko deialdia.

Euskadiko Filmategia Fundazinoak editautako katalogo baten bidez beteko da film laburrak zabaldu eta hedatzeko helburua, bertoko zein nazinoarteko mueta horretako ikus-entzunezko jardueren jaialdietan eta foroetan zabaltzearen helburua kontuan harturik.

Deialdi honetara zine edo bideo formatuan eginiko edozein ikus-entzunezko obra aurkeztu ahal izango da. Ordu erdi baino gitxiago iraun behar dabe. 35 mm-ko azken kopia euki behar da eta kopia horrek 2007ko irailaren 30a baino beranduago egindakoa izan behar dau.

2008ko 'Kimuak' programan parte hartzeko eskaerea egiteak hainbat ondorio ditu: batetik, parte-hartzaileek Euskadiko Filmategia Fundazinoak deialdi honetan begietsitako jarduerak garatzea eta sustatzea onartu eta baimendu beharko dabe; bestetik, aurkezten diran eta hautatzen dituen film laburren zatiak edo film labur osoak sustapenerako euskarrietan sartzea be onartu eta baimendu behar dabe.

Helburu horretarako eskaera egiten dauena helburu hori beteteko beharrezkoak diran baimenak lortzeaz arduratuko da. Aurkeztutako obren autore materialei jagokenez, baimen horreek lortzea beharrezkoa da.

Programan parte hartu ahal izateko, errealizadoreek eta produktoreek hainbat baldintza bete beharko ditue. Alde batetik, eskatzailea errealizadorea bada, deialdi hau kaleratu aurreko urtebetean EAEn bizitakoa izan beharko dau, edota erkidegoan, gitxienez, bost urtez jarraian bizi izan dala erakutsi beharko dau, edota aldika hamar urtez.

Bestalde, eskatzailea produktorea edota produkzino-etxea bada, EAEn helbideratuta egoteaz gan, inbersinoaren % 50ak bertokoa izan beharko dau, gitxienez; % 50 euki ezean, produkzinoko parte-hartzaileen arteko portzentaje handiena berea izan beharko da, gitxienez % 35. Dana dala, produktoreak derrigorrez Instituto de la Cinematografía y de las Artes Audiovisualeseko (I.C.A.A, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua) Kalifikazino Ziurtagiria emon beharko dau.

Eskaerak egiteko epea maiatzaren 5etik garagarrilaren 24ra bitartekoa da. Eskaera horreek Euskadiko Filmategia Fundazinora (2008ko KIMUAK Programa) bialdu beharko dira DVDaren kopiagaz batera.


Erispideak

'Kimuak' programako edizino honetan parte hartzen daben film laburren artetik kalidade erispideen, zuzendaritzearen, antzezpenaren, gidoiaren, argazkiaren eta proposamen barrien arabera aukeratutakoak sartu ahal izango dira katalogoan. Jatorrizko filma euskeraz grabetea kontuan izango da, baita proiektuan artista eta tekniko euskaldunek parte hartzea be.

Batzorde bat eratuko da eta arlo honetan lan egiten daben profesional eta aditu ospetsuen artean aukeratutako bost kidek osotuko dabe. Batzorde horrek aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu. Emoitzak parte-hartzaileei eta komunikabideei jakinarazoko jakez.

Parte-hartzaileek honako honeek aurkeztu behar ditue: obrearen sinopsia, fitxa artistikoa eta teknikoa, lau argazki edo diapositiba, kartela, zuzendariaren biofilmografia, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko alkarrizketen zerrendea, laborategiko 35 mm-ko kopia barria eta Betacam Digital bat. Baldintza horreek beteteaz gan, produkzino-etxearen eta zuzendariaren helbideak eta kontakturako modua erraztu behar ditue.

Datu horreekaz publizidade-produktuak egin eta inprimidutako zein ikus-entzunezko euskarrien katalogoan sartuko ditue. Ganera, aukeratutako film laburrak be sartuko ditue katalogoan eta munduko jaialdi garrantzitsuenetara bialdu, azpititulauta. Era berean, katalogoa film laburren programazinoak egiten dituen telebistetako erosketa arduradunei bialduko jake, baita banatzaile eta nazinoarteko agente nagusiei be.

Betebehar orokorrez gan, produktoreek Euskadiko Filmategia Fundazinoari euren film laburrek egun horretara arte jaialdiren batean parte hartu badabe edo sariren bat jaso badabe jakinarazo behar deutsie. Bestalde, Euskadiko Filmategia Fundazioak urtero gitxienez kudeaketa-txosten bi egiteko konpromisoa hartuko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu