FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XIV. edizinoak fantasia giroa zabalduko dau urian

Bizkaie! 2008-04-30 18:47   Barriak

Aurten, saio berezi legez, Stephen King-en narrazino batean oinarritutako ‘The mist’ (Lainoa) filmaren Espainiako estreinaldia egingo da. Ganera, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu eta maiatzaren 16ra arte luzatuko dan lehiaketa honen aurtengo edizinoan, Atal Ofizialean lehiatuko diran filmakaz batera, generoko film klasikoak, nontzeberri.com kultur atariko film laburren lehiaketako lanak eta dokumentalak izango dira ikusgai.

Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XIV. edizinoak eguenean, hilak 8, zabalduko ditu ateak. Aurten, saio berezi legez, Stephen King-en narrazino batean oinarritutako ‘The mist’ (Lainoa) filmaren Espainiako estreinaldia egingo da. Ganera, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu eta maiatzaren 16ra arte luzatuko dan lehiaketa honen aurtengo edizinoan, Atal Ofizialean lehiatuko diran filmakaz batera, generoko film klasikoak, nontzeberri.com kultur atariko film laburren lehiaketako lanak eta dokumentalak izango dira ikusgai.

Fantasia giroa uri osora zabalduko da, horretarako antolatu diran ekitaldi paraleloen bidez, kontzertuak eta mahai-inguruak berbarako.


‘The mist’ filmaren estreinaldia

‘The mist’filmaren zuzendaria Frank Darabont da, lehendik beldurrezko istoriogintzaren erregearen beste narrazio batzuen moldaketak egin izan dituena, ‘Cadena perpetua’ edota ‘La milla verde’ kasu. FANT zabalduko dauen filma atal ofizialaren barruan ikusi ahal izango da Capitol zinema-aretoan, 19:45ean hasita (ganerako emonaldi guztien leku eta ordu berean). Sarrerak gonbidapenen bidez banatuko dira eta Barrainkuako Udaltegian eskura daitekez hilaren 5ean hasi eta sarrera-kopurua agortu arte (udaltegiaren ohiko ordutegian).

Ganerako emonaldietarako prezioa 4 eurokoa da eta emonaldi guztietarako bonoak 30 euroan dagoz eskuragai.


Bestelakoak

Atal ofizialaz gan, 'Fant Maisuak' dalako atzera begirakoan, sakoneko errepasoa egingo jako Val Lewton produktore eta gidoilari ezagunaren lanari, Jacques Tourneur-en ‘La mujer pantera’ edo ‘I walked with a zombie’ lako klasikoakaz.

Horrezaz ganera, 'Fant Erreskatean' atalean, jaialdiak zazpigarren arteko maisulanak pantaila handian ikusteko aukerea eskainiko dau. Kasu honetan, zinema fantastikoagaz zerikusi zuzena ez daben zuzendari biren genero honetako lan bereziak erakutsiko ditu: Carl Theodor Dreyer-en ‘La bruja vampiro’ eta Ingmar Bergman-en ‘La hora del lobo’, berbarako.

Programazinoa osotzeko, ohiko atalak be antolatuko dira, 'Zinearen Pozoia' izenekoa, David Lynch eta Lars von Trier zinegileen ganeko dokumentalak emongo dituana; 'Fant & Rock' deritxan topagunea, rock musikea eta bildurrezko zinemaren zaleak alkartuko dituana; 'Fant Lab', zinema-emonaldiak abandoardiako ekitaldi berezi bihurtu ohi dituana; edota 'Fant Laburrean', mundu osoko zinegileei euren film laburrak erakusteko aukerea eskaintzen deutsena. 'Haur zinea' dalakoa be berreskuratuko da 'Franklin eta lakuko altxorra' filma euskeraz ikusteko aukerea eskainiko dauena.


Fantrobia saria eta ikasgai magistralak

Zinemaldi Fantastikoa talentu barrien aldeko apustua sendotu guran dator aurtengo edizinoan. Horrela, edizio honetan hasita, Fantrobia Saria instituzionalizau da, zinemagintzako profesional gazteen ahalegin eta ekarpena adarrikatzeko asmoz. Aurten, saria Fernando Velázquez musikari getxoztarrarentzat izango da. ‘El orfanato’ filmeko soinu-bandea, berbarako, berak egin dau. Velázquezek Jaialdiaren Amaierako Ekitaldian jasoko dau Fantrobia Saria, maiatzaren 16an, barikua, Capitol aretoan 20:30ean.

Bestalde, jaialdiak ikasgai magistral bi programau ditu. Lehenengoa, martitzenean, hilak 13, Barrainkuako udaltegian (11:00etan), Isaki Lacuesta zinegile katalanaren eskutik egingo da. Bigarren ‘master class’ dalakoa (eguenean, hilak 15, 11:00etan) Fernando Velázquezek emongo dau, musikak filmei ganeratzen deutsena azaltzeko asmoz.


Nontzeberri gaua

Urtero legez, amaiera ekialdian, nontzeberri.com kultur atarian aurkeztutako proposamenei eskainitako Nontzeberri Gaua egingo da. Bertan, ikusleek V. Nontzeflash Animazino Lehiaketea eta IV. Nontzefilm Fikzinozko Film Laburren Lehiaketarako hautatu diran 20 film laburrez gozauko dabe.


Kontzertuak, solasaldiak eta sukaldaritzea

Barrikuntza moduan, aurtengo edizioan jarduera paraleloak antolatu dira uriko hainbat lokaletan: kontzertuak Kafe Antzokian eta Azkenan, eta zinezaleentzako mahainguruak eta menu bereziak (‘Fantfood’ deritxanak) Ambigú jatetxean.


www.fantbilbao.net

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu