Arte eta kultur jakintzak izango ditu ardatz EHUko Bilbao Arte eta Kultura (BAK) Topaketen IX. edizinoak

Bizkaie! 2008-04-30 18:20   jardunaldiak

Ikastaroak bagilaren 23tik garagarrilaren 18ra bitartean izango dira, UPV/EHUko zenbait egoitzatan, Euskalduna jauregian, Guggenheim Museoan, Basauriko Social Antzokian eta Gueñesen.

Aurtengo barrikuntza nagusiak hiru ikastaro barri dira: dantza tradizionalari buruzkoa, koreografia sortzeko lantegia eta koreografoen arteko ‘Ikusmira’ topaketak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko ‘Dantzan Bilaka’ programeagaz batera antolatutako topaketez gan. Gainera, lehenengo aldiz oboe ikastaroa antolatu da.

Ikastaroak bagilaren 23tik garagarrilaren 18ra bitartean izango dira, UPV/EHUko zenbait egoitzatan, Euskalduna jauregian, Guggenheim Museoan, Basauriko Social Antzokian eta Gueñesen.

Honako erakundeak izan ditu lagun UPV/EHUk ikastaroak antolatzeko: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Bilboko Portua.

Oraingo honetan 27 ikastaro eskainiko dira, bost arlotan banatuak: dantza; musika; arte eszenikoak; artea eta multimedia; zinea, literatura eta komikia; genero-gaiak; eta hezkuntza eta gizartea.

Dantzaren atalean, dantza garaikideko ikastaroez gan, nabarmendu behar da Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Dantzan Bilaka ekimenagaz batera antolatutako ikastaroa. Dantzan Bilakak euskal koreografoen sorkuntzea sustatzen dau. Aurtengo beste barrikuntza bat da euskal dantza tradizionala be sartu dala ikastaroan, Jon Maiak koordinautako hiru lantegiren bitartez. Bertan landuko da dantza tradizionalaren transmisinoa nagusiakandik gazteakana eta dantzen sorkuntzea euskal dantza tradizionaletatik abiatuta.

Musika atalean, aurten oboe ikastaroa eskainiko da lehenengo aldiz, Alexei Ogrintchoukerrusiarraren eskutik. Ogrintchouk izen handiko oboe jolea da, eta Musikenen parte hartutakoa. Oboekoaz gan, betiko biolin eta klarinete ikastaroak eskainiko dira, eta bigarren aldiz emongo da perkusino-ikastaroa. Kantuaren atalean azpimarratzekoa da bertan izango dirala Ana Luisa Chova, Opera Actual 2004 saria jasotakoa lirikearen irakaskuntzan egindako lanagaitik, eta Jaume Aragall, estaduko interpreterik onenetako bat.

Artea eta multimedia ikastaroei jagokenez, aurreko edizinoetan urratutako ildoez gain (besteak beste multimedia teknologiak edo Artea eta Sorkuntza seriea, Guggenheim museoagaz lankidetzan antolatua), Güeñesen egingo dan ikastaroa da nabarmentzekoa. Enkartur-egaz (Enkarterriko Turismoko Alkartea) eta Güeñeseko Udalagaz batera antolatutako ikastaroa da. Artearen eta naturearen arteko alkarguneak aztertzen ditu, eta Enkarterrin gauzatzen ari diran eskultura publikoen proiektu barriari lotua da.

Zinea, literatura eta komikiaren atalean aitagarriak dira komiki ikastaroa, Bilboko Alondegiagaz batera antolatua, edo zinema-lantegia, non parte hartuko daben UPV/EHUn preparautako euskal sortzaile ospetsuek, besteak beste, Koldo Serra, Borja Crespo, Nacho Vigalondo, Kepa Jojo edo Patxi Urkijok.

Genero-gaiak jorratuko dituen ikastaroak programazinoko beste zutabe nagusi bat dira. Aitamen berezia merezidu dabe emakumea, publizidadea eta emakumeen prentsa aztertzeko jardunaldiek. Bertan izango da, beste batzuekaz batera, Susana Gallego, Yo Donna aldizkariaren zuzendaria.

Programazinoari amaierea emoteko euskerea eta gazteak, ekonomia solidarioa edo matematika haur-hezkuntzan lako gaiak landuko dituen ikastaroak nabarmendu behar dira.

Laburbilduz, BAKek programa zabala eskaintzen dau IX. edizinoan, izen handiko irakasleakaz eta urtez urte indartu eta barrituz doan eskaintzeagaz, Bilbo eta Bizkaia erreferente bihurturik Euskal Herriko kultur prestakuntzearen eskaintzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu