Maiatzaren 8tik 16ra bitartean egingo da Bilboko FANT Zinema Fantastikoaren Jaialdia
2008-04-14 18:52 BarriakArbola artetik kuxkuxean dabilen Afrikako tribu bateko neskato baten begirada 'arduragarriak' jakinarazoko dau maiatzaren 8tik 16ra bitartean Bilboko FANT Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren XIV. edizinoa egingo dala. Ekimena iragarten dauen kartela aurkeztu dabe.
Arbola artetik kuxkuxean dabilen Afrikako tribu bateko neskato baten begirada 'arduragarriak' jakinarazoko dau maiatzaren 8tik 16ra bitartean Bilboko FANT Zinema Fantastikoaren Jaialdiaren XIV. edizinoa ospatuko dala. Irudiaren bitartez, egonezina sortu eta agiriko bildur-ikarak ebitau gura izan dira, ohiko gaietatik eta gure estiloaren errai-hondakinetatik igesi, jaialdiaren esparrua handitzeko asmoz.
Bilboko Udaleko Kultura Saileko zuzendari Iñaki Lopez de Agiletak aurkeztu dau FANT Jaialdiaren XVI. edizinoaren irudia Bilbon eta jaialdiagaz batera antolatuko diran ekitaldi paralelo batzuk be azaldu ditu.
Irudia lantzeko, aurreko edizinoetan jorratu barik egoan gai bat aukeratu da: ezezagunaren bildurra, egungo parametro sozial, etiko eta kulturalak goitik behera ezeztau eta beste lege baten arabera gobernetan ziran antxinako zibilizazio galduek eragiten daben bildurra.
Basoko neskearen irudiak, sakrifizio erritualetako eta buduko margoak eta Myanmar-eko (lehengo Birmaniako) jirafa-emakumeak gogorarazoten dituen osogaiak buztartu ditu.
Kartelaz gan, Bilbon, FANTegaz batera, maiatzaren 8tik 16ra bitartean antolatuko diran ekitaldi paraleloak be aurkeztu dira gaur. Barrikuntza moduan, Bilboko hainbat lokaletan egingo dira ekitaldiak, fantasiazko eta bildurrezko zinemearen inguruko kontzertuak eta berbaldiak berbarako.
FANTen inaugurazino egunean, Bilboko Kafe Antzokia musikaz beteko da Heavy Trash eta Gore Gore Girls taldeei esker. 22:00etan hasiko dan kontzertu bikotx honen sarrerea 12 eurokoa izango da txartela aldez aurretik erosi ezkero eta 15 eurokoa kontzertuaren egunean txarteldegian erosten bada (sarrerak salgai egongo dira Bilboko Kafe Antzokian, Power Records dendan, BBKn eta Tick Tack Ticket-en).
Heavy Trash Jon Spencer-en azken proiektu musikala da. Pussy Galore taldeko kide ohiak eta Jon Spencer Blues Explosion-eko buruak Madder Rose eta Speedball Baby taldeetako kide ohia dan Matt Verta-Ray dau bidelagun. 2005etik hona, musikariek punk rocka eta herri-doinuetan oinarritutako blues eta jazz musika estadubatuarra jorratzen dabe.
Gore Gore Girls aitzindariak izan dira Michigango garage-rockaren 'revivale'-ean, 1997an sortu zanetik. Azken diskoa, The White Stripes taldeko produktore Jim Diamond-en eskutik grabau dabe.
Jaialdiaren barruan, Azkena aretoak Santi Ibarretxeren kontzertua eskainiko dau maiatzaren 13an, 22:00etan. Sarrerea dobakoa izango da. Bost filmetako soinu-banden egilea buru-belarri sartuta dabil Prímital deritxan bere azken proiektuaren bigarren diskoa preparetan.
Kontzertu honetan, Bilbon jaio eta Madrilen bizi dan saxo-jotzaileak jazz, swing eta funk doinuak buztartuko ditu.
'FANT Food' menua
Ambigu jatetxe eta tabernak DJ saio bat eskainiko dau Heavy Trash eta Gore Gore Girls taldeek emon beharreko kontzertuaren aurretik. Lokal honetan bertan, zinemea berbagai hartuta, mahai-inguruak be egingo dira FANTen edizino honetako partaideak tarteko dirala.
Horregaz batera, zinemaldiak irauten dituan bederatzi egunetan, jatetxeak ikutu zinefiloez beteriko 'FANT Food menua' eskainiko dau. Ganera, Barrainkuako udaltegian, master class batzuk antolatuko dira.
Era berean, zinema fantastikoan nabarmentzen hasi barriari emoten jakon saria azpimarratu behar da. Igazko edizinoan, Macarena Gomez antzezlea izan zan sariduna. Edizino honetan, sariak izen barria hartuko dau: Fantrobia Saria. Datozan asteotan jakingo da nor dan aurtengo irabazlea.
Jaialdiaren aurreko edizinoetan legez, www.nontzeberri.comkultur atariak V. Nontzeflash Animazino Lehiaketea eta IV. Nontzefilm Film Laburren Lehiaketea antolatu ditu. Lehenengorako, webguneak 110 film labur jaso ditu honezkero, eta beste 110 bigarrenerako. Bata zein bestea nazinoarteko lehiaketak dira eta, ondorioz, lanak munduko hainbat herrialdetatik etorritakoak dira. Irabazleak FANTen barruan ezagutarazoko dira. Aurkeztu diren lan guztietatik, 52 Euskal Herrian egindakoak izan dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!