Ivan Zuluetak Urrezko pelikula saria lortu dau Malagako Zinema Jaialdian

Bizkaie! 2008-04-08 18:45   Barriak

'Arrebato' filmari esker, Zuluetak Zilarrezko Biznaga deritxan garaikurra jaso dau. Lana 1980an estreinau zan eta zuzendariaren bigarren eta azken film luzea izan da.

Ivan Zulueta zuzendari donostiarrak Malagako Cervantes Antzokian ospatutako gala batean Zilarrezko Biznaga deritxan garaikurra jaso dau 1980. urtean estreinautako Arrebato filmari emondako 'Urrezko pelikula' sariaren erakusle moduan. Pelikulea zinema espainiarraren egungo historiaren ganekoa da, esperimentu bisual bat, poetikoa, generazino oso batentzat erreferentzia izan zana.

Arrebato Ivan Zuluetaren bigarren film luzea da, baita egin eban azkena be. Estreinau zanean hamarkadako pelikularik arraroenetako bat izan zan. Zuzendariak berak prentsaurrekoan adierazo ebanez, pelikula sei aldiz besterik ez dau ikusi, min handiegia emoten deutsolako.

Ivan Zulueta 1943an jaio zan Donostian. Marrazkia eta pinturea ikasi zituan New Yorken. Ondoren, Madrileko Zinema Eskola Ofizialean Pilar Miró, Jaime Chávarri eta Jose Luis Borau zinemagileakaz batera ikasi eban. Azken horregaz Un, dos, tres, al escondite inglés filma egin eban 1969an.

70eko hamarkadan Pedro Almodóvar eta Antonio Drove zuzendariakaz lan egin eban. 1976an Leo es pardo film laburra egin ostean, 80ko hamarkadearen hasieran aldi baterako erretirau zan eta hurrengo hamarkadan hainbat lan egin zituan telebistarako, barriro erretiroa hartu baino lehenago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu