Zinebikluben udabarriko eskaintza
2008-04-03 19:34 BarriakApirilaren 3tik bagilaren 19 bitartean, Abandoko udaltegian, Barrainkua kalean, udaberriko Zinebiklub film laburren programazinoa eskainiko da, zinema alternatiboari buruzko asteroko foroa.
Apirilaren 3tik bagilaren 19 bitartean, Abandoko udaltegian, Barrainkua kalean, udaberriko Zinebiklub film laburren programazinoa eskainiko da, zinema alternatiboari buruzko asteroko foroa. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren (Zinebi) laguntzaz sortua.
Programazino barriak hamar saio eskainiko ditu danetara eta eguenero 19:30etatik aurrera eta doban aurkeztuko dira. Bigarren hiruhilebeteko honetan, zinemazaleek Artebi eta Zinemako ikasleen lanak ikusteko aukerea izango dabe. Baita, (FANT Bilboko Zine Fantastikoagaz alkarlanean) Nontzeberrik igaz antolatutako leheiaketako pieza batzuk eta Kimuak-ek, bere hamargaren urtemugea ospatzeko aukeratutakoak be. Oro har, mundu osoan egindako lanen aukeraketa ederra da eta errealizadore gazteek gai desbardinei zein estilo desbardinei buruzko ardurak eta euren ardura etiko eta estetikoak adierazoten ditue, osotasunean gaur egun ikus daiteken zinemarik konprometituena eta abangoardistena ordezkatuz.
Denporaldi barri honen lehenego saioa gaur, eguena, hilak 3an, izango da Artebiko ikasleen eskutik eta 80 minutu inguruko iraupena izango dauen sesioan, fikzinozko zazpi labur emongo ditue (horreetariko bi euskeraz).
Ondorengo emonaldietan, apirilaren 10, 17 eta 24, eta maiatzaren 8an, Zinebiko azken edizinoan emondako zenbait laburren errepasoa egingo da eta hor euskal zein espainiar sormeneko zenbait lan egongo dira ikusgai. Maiatzaren 8ko azken saioan, Maiana Bidegain jatorri uruguaitarreko frantsez errealizatzaile gaztearen ‘Secretos de lucha’ film laburra emongo da, Euskal Herritik erbesteratutako bere familiak diktadura militarraren garaian hegoamerikar herrialde honetan izandako bizipenak deskribiduten diralarik.
Apirileko hilebetean, Nontzeberri kultur webguneak eta Bilboko Fantasiazko Zinema Jaialdiak (FANT) antolaturiko Nontzeflash, Animaziozko V. Leheiaketa eta Nontzefilm, IV. Fikziozko Laburren Leheiketan emon zituen 251 lanen sailkapen bat emongo da.
Udaberriko egitaraua, Zinemako Bilboko Zine Eskolako ikasleen 25 lanakaz amaituko da bagilaren 5ean. Horrezaz gan, Kimuak egitarauaren (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskal film laburrak sustatzeko eta ezagutzera emoteko abian jarritako egitaraua) hamargaren urtemugea ospatzeko aukeratutako dozena bat pieza be emongo dira bagilaren 12an eta 19an. Honenbestez, bagilera bitartean emongo diran 100 laburren artean azpimarratzekoak, Nacho Vigalondoren ‘7.35 de la mañana’, Oscar Sarira aukeratua izan zana, Gary Oldmanegaz eta Aitana Sanchez-Gijonegaz egindako ‘The Backwoods’ film luzearen zuzendari Koldo Serraren ‘El tren de la bruja’ eta Borja Cobegaren ‘Éramos pocos’, igaz Oscar Sarietarako izentaua izan zana.
Zinebiklub ekimen honen bidez lortu nahi diran helburuen artean, nagusia Bilbon dagoan zinema eskaintza gehitzea da, ikusentzunezko produkzino mueta baten inguruko programazino egonkorra gaineratuz, film laburrak bezela bere azpiatal desbardinakaz: fikzinoa, animazinoa, dokumentalak, esperimentalak, etab.
Bestalde, Zinebiklub-ek ikusentzunezkoen arloko jarduera egonkor eta jarraikorra gehituko deutso Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren urteko programazinoari. Aldi berean, Barrainkuako emonaldiek handitu egingo dabe Zinebiren oihartzuna uri barruan, jaialdiko ekitaldiak antolatzen diran egunetatik kanpo.
Argibide gehiago eta programazino osoa: http://www.zinebi.com
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!