Euskerazko Film Laburren V. Zirkuituak tarte berezia eskainiko deutse egile barriei

Bizkaie! 2008-04-01 18:50   Barriak

Film Laburren Zirkuituaren bidez, Topaguneak eta berau osotzen daben euskera alkarteek aukerea emoten dabe euskerazko film laburren produkzinoa ezagutarazoteko, eta, bide batez, herrietako kultur eskaintzea aberasteko ekarpena be egiten dabe.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoak Euskerazko Film Laburren Zirkuituaren bosgarren edizinoa aurkeztu dau. Zirkuituaren eskaintza hamar laneko 38 emonaldik osotzen dabe eta lan horreetatik, erdiak baino gehiago egile barrienak dira.

Film Laburren Zirkuituaren bidez, Topaguneak eta berau osotzen daben euskera alkarteek aukerea emoten dabe euskerazko film laburren produkzinoa ezagutarazoteko, eta, bide batez, herrietako kultur eskaintzea aberasteko ekarpena be egiten dabe. Federazinoak bere gain hartzen dau filmak bilatzeko, aukeratzeko eta batzeko lana, eta gero aukeera emoten deutse gura daben alkarte guztiei euren herria zirkuituan sartzeko. Emonaldi kopuruak argi erakusten dauenez (38 izango dira Euskal Herri osoan), ekimenak oso harrera ona izaten dau.

Egileei jagokenez be, Film Laburren Zirkuitua aukera parebakoa da euskerazko produkzinoa ezagutarazoteko, plaza barriak eskainiz, herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gitxitan izaten dabe zinema bertan eskaintzeko aukerea.

Ikusleak eta egileak alkarrengana hurreratzea be bada helburuetako bat, eta hori dala eta, saio askotan solasaldia egingo da egileakaz, proiekzinoaren ondoren. Batzuek zein besteek gustora eskaintzen dabe eretxi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria izaten da eta.

Aurten, ganera, apustu berezia egin da egile eta formatu barrien alde. Ondorioz, zirkuituan ‘beteranoak’ diran Koldo Almandozen eta Iñigo Kintanaren lanakaz batera, bidea egiten hasi diran Gentzane Agirre, Mikel Alvarez eta Asier Mendoza, eta bideo-sorkuntzan esperimentetan dabilen Logela Multimedia taldea be izango dira. Gainera, etorkizunean etor daitekeenaren adierazgarri, Topaguneak antolatzen dauen Euskal Herriko Ikus-Entzunezkoen Rallyaren hiru edizinoetan saritutako lan batzuk be ikusteko aukerea izango da. Gazteei zuzendutako lehiaketa horretan, ikus-entzunezko lan bat hamar ordutan grabau, editau eta aurkezteko erronkea proposatzen jake parte-hartzaileei. Emoitzak, argi ikusiko danez, harrigarriak izaten dira, eta hobetuz doaz urtetik urtera.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoa 1997an sortu zan, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 euskera alkartek osotzen dabe. Alkarteon zein Federazinoaren beraren helburua euskerearen erabilerea sustatzea da eta, horretarako, hainbat esparru lantzen ditue, besteak beste, ume eta gazteen aisialdia, kulturgintzea, tokiko hedabideak, mintzapraktikea eta entidadeak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu