Itsuentzako zinema-aretoa sortu dabe Pekinen

Bizkaie! 2008-03-11 17:17   Barriak

Uriaren erdialdean dagoan Xinmu aretoak zapaturo pelikula bat eskaintzen dau. Itsuek alkarrizketak entzuten dituen bitartean, GKE bateko boluntario batek pantailan ikusten dana kontetan dau.

Txinan bost miloe itsuk giza asistentzia bakotasuna dabe eta prestakuntza programen faltan dagoz. Hong Dandan Gobernuz Kanpoko Erakundeak 'itsuentzako zinema' sortu dau Pekinen, Da Wei argazkilari eta telebistako kazetari ohiak bultzatutako ekimena.

Uriaren erdigunean dagoan etxe tradizional batean, Xinmu (Bihotzaren begiak) zinema-areto txikian pelikula bat proiektetan dabe zapatu goizero. Itsuek alkarrizketak adi entzuten dituen bitartean, GKEko boluntario batek, mikrofonoa eskuan, pantailan agiri dana kontetan dau.

Da Weik egindako lana oso ezaguna egin da. Ganera, kazetariak Txinako irrati nazional batentzat be egiten dau lan eta, eguerdiro, filmak kontetan ditu. Lan horri esker, laster izango diran Joko Olinpikoetako argi-zuzia eroateko ohorea izango dau.

Ekimenaren bultzatzaileak esan dauenez, ideia kasualidadez otu jakon, itsu bat etxera bisitan joan eta telebistan agertzen zana azaltzeko beharra izan ebanean. Hortik jaio zan Xinmu zinema-aretoa. Ekimenak emoile pribaduen, Pekinen dagozan enbaxada batzuen eta hainbat enpresa atzerritarren (Microsoft eta Bayer, berbarako) zein txinatarren (Lenovo eta Sanyuan) laguntzinoa jasoten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu