'Blas de Otero-Bilboko Uria Nazinoarteko Poesia Saria' aurkeztu dabe

Bizkaie! 2008-03-10 17:37

Literatur sormena sustatzeko eta bilbotarrei bertako idazlerik handienetakoa izan zanaren lana hurreratzeko helburuagaz, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Blas de Otero Fundazinoak Bilboko poetearen oroimenezko Nazinoarteko Poesia Lehiaketea sortu dabe. Lanak bagilaren 15a baino lehen bialdu behar dira Barrainkuako Kultur Etxera.

Literatur sormena sustatzeko eta bilbotarrei bertako idazlerik handienetakoa izan zanaren lana hurreratzeko helburuagaz, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Blas de Otero Fundazinoak Bilboko poetearen oroimenezko Nazinoarteko Poesia Lehiaketea sortu dabe 'Blas de Otero-Bilboko Uria Nazinoarteko Poesia Saria' izenburupean.

Edozein nazionalidadetako idazleek parte hartu ahal izango dabe lehiaketan. Diru-saria 6.600 eurokoa izango da bi modalidadeetan, euskeraz zein gaztelaniaz. Inoiz argitaratu ez diran jatorrizko lanak onartuko dira, 700 eta 1.000 lerro tarteko luzerea dabenak. Lanak bagilaren 15a baino lehen bialdu behar dira Barrainkuako Kultur Etxera. Sariketan parte hartzeko betebeharrak -baita epaimahaiaren epaia be, plazaratzen danean- Bilboko Udalaren webgunean irakur daitekez (www.bilbao.net).

Horregaz batera, 'Pido la paz y la palabra' liburuaren egilearen jaiotzearen urteurrena ospatzeko (1916ko martiak 15 - 1979ko bagilak 29), Bidebarrieta Kulturguneak dobako errezitaldia antolatu dau barikurako, martiak 14, liburutegiko ekitaldi aretoan, 19:30etatik aurrera.

Vicente Gallego, Jose Antonio Labordeta eta Kirmen Uribe poetak izango dira 'Blas de Otero irakurtzen' deritxan omenaldiko protagonistak, entzuleei bilbotarraren poemarik ezagunenetako batzuk hurreratzeko asmoz.

Horren aurretik, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Ibon Bengoetxeak eta Blas de Oteroren alargun eta izen bereko fundazinoaren presidente Sabina de la Cruzek jardunaldiaren aurkezpen laburra egingo dabe.

Konbidadu bakotxak Blas de Oteroren poema bi eta norberak idatzitako bat irakurriko ditu. Vicente Gallego (Valentzia, 1963) esperientziaren poesia deritxan korrontearen ordezkari nagusietakoa da Luis Garcia Montero edo Felipe Benitez Reyes lako poeta gazteen ondoan. Sari ugari irabazi ditu, berbarako Juan Carlos I.a Erregea deritxana 'La luz, de otra manera' lanari esker; edota Loewe Fundazinoa Saria, 'Santa deriva' lanagaz.

Jose Antonio Labordeta (Zaragoza, 1935) poeta, idazle eta kantautore oparoa da, eta bere literatur jardueran olerkia, nobelea eta saioa tartekatu ditu. 'Un país en la mochila' telesailean egindako lanak pertsonaia ospetsu bihurtu eban. 2000tik 2008ra bitartean, Chunta Aragonesistaren ordezkaria izan da Diputaduen Kongresuan.

Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) saioak, umeentzako ipuinak, poemak eta komikiak idatzi ditu euskeraz. Ganera, Mikel Urdangarin, Piztiak eta Sagarroi lako musikagile eta taldeen ohiko kolaboratzailea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu