Bilboko XIII. Zine eta Lankidetza Erakustaldia zezeilaren 25etik 29ra
2008-02-25 11:27 BarriakBost egunean zehar, Gibarako (Kubako) Zine Pobrearen V. Jaialdian aukeratutako film laburrak, fikzinoko film luzeak eta dokumentalak aurkeztuko dira Bilbon.
Aurtengo edizinoan zinemagile ahaztuei, baztertuei edo ikusezinei emon gura deutse berbea, zinemaren merkatuan euren lekua topetako aukerea izan daien. Beraz, Kubako Zine Pobrearen Nazinoarteko Jaialdia izango da aurtengo edizinoko konbidau berezia, bai eta ekimenaren protagonista nagusia be.
Bost egunean zehar, Gibarako (Kubako) Zine Pobrearen V. Jaialdian aukeratutako film laburrak, fikzinoko film luzeak eta dokumentalak aurkeztuko dira Bilbon. Peruko, Venezuelako, El Salvadorreko, Palestinako, Guatemalako edo Espainiako filmak ikusiko dira Capitol zine-aretoetan, saioko 4 euroren truke.
Antolakuntzak adierazo dauenez, 13 urtez, Mugarik Gabe Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Hiritartasun Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Lankidetza Zuzendaritzearen laguntzinoagaz, ehundik gora film zabaldu ditu Euskal Herriko zenbait herri eta uritan, eta guztiak gizarte-gaiei buruzkoak izan dira.
Ibilbide horretan, Zine eta Lankidetza Erakustaldiak erakusleihoa izan gura dau, eta hegoaldeko herrien errealidadea islatu gura dau euren begien, zinearen eta eretxien bitartez. Gauzak holan dirala, benetako irudiaren barri emongo dau eta ez komunikabideetan agertzen dan irudi estereotipatua.
Aurten egitaraua lau sailetan egongo da banatuta. Alde batetik, Kubako Zine Pobrearen Nazinoarteko Jaialdia izango da, Gibarako Zine Pobrearen V. Jaialdian aukeratutako film laburrak, fikzinoko film luzeak eta dokumentalak aurkeztuz.
Bestalde, gizarte-gaiak jorratzen dituen Publizidade Iragarkien Lehiaketearen I. edizinoa egingo da. Emonaldiak hasi baino 15 minutu lehenago, lehiaketara aurkeztu diran iragarkiak zabalduko dira, eta epaimahaiak aukeratutako irabazleak 1.000 euroko diru-saria jasoko dau.
Hirugarrenik, komunikazinoari eta garapenari buruzko berbaldiak antolatu dira. Isabel Moya ‘Mujeres’ aldizkariko zuzendaria eta Habanako Unibersidadeko Komunikazino Fakultadeko irakaslea; Herve Fischer Kanadako soziologoa, idazlea, artista eta filosofoa; Laura Rodriguez Argentinako La Tribu irrati bateratuko kazetaria; eta Helga Malave Venezuelako TeleSur-ekoa izango dira hizlariak.
Azkenik, jaialdi eta erakustaldietako topaketa-tailerra egingo da, Kubako, Kanarietako, Bartzelonako, Kordobako, Madrilgo eta Bilboko zenbait jaialditako arduradunen partaidetzeagaz.
Astelehenean, zezeilak 25, izango da erakustaldiko lehen emonaldia. Erakustaldia astelehenetik eguenera egingo da, 17:00etako eta 22:30etako saioetan; barikuetan, barriz, 17:30etako, 20:00etako eta 22:30etako saioak izango dira. Era berean, berbaldiak astelehenetik eguenero eskainiko dira 20:00etan, Capitol zine-aretoetan. Horrezaz gan, haurtzaindegi-zerbitzua be jarriko da 17:15etik 21:15era.
Saio bakotxeko prezioa 4 eurokoa izango da. Dana dala, deskontuak egingo dira, bost saiorako sarrerak (15 euro) edo bederatzi saiorakoak (20 euro) erosi ezkero. Bestetik, EHUko ikasleak bederatzi saiotara badoaz, aukera libreko kreditua jasoko dabe.
Informazino gehiago: www.zurevisionsocialvision.org
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!