Ondarroako Uribilduaren 681. urteurrena gero eta hurrago

Bizkaie! 2008-02-12 18:27

Aurtengo jardunaldien helburua ospakizunon kutsu herrikoia areagotzea da: alde batetik, arrantza eta itsaso munduagaz loturea azpimarratuko da, Ondarroa Erdi Aroan itsasotik eta itsasorako bizi baitzan gehienbat.

Zezeilaren 13an, Ondarroako Uribilduaren 681. urteurrenaren ospakizun ekitaldien Herri Batzordea (OH-681) batuko da arratsaldeko 20:00etan. Aurtengo jardunaldien helburua ospakizunon kutsu herrikoia areagotzea da: alde batetik, arrantza eta itsaso munduagaz loturea azpimarratuko da, Ondarroa Erdi Aroan itsasotik eta itsasorako bizi baitzan gehienbat; horrexegaitik, euskerearen presentzia bermatu nahi da salmenta eta artisauen dendetan; eta azkenik, kanpoko enpresei lehentasuna emon beharrean, herriko talde eta norbanakoei emongo jake protagonismoa eta Erdi Aroko jaia zehaztu eta antolatzeko aukerea.

Ekitaldiok ospatzeko oraindino sei hilebete geratzen badira be, udea dago tartean, eta ezinbestekoa da udea baino lehen ekitaldien programa orokorra lotuta eukitea. Esan bezela, herriko taldeei emongo jake lehentasuna, eta herriko taldeek eskaini ezin daben zeozer behar danean, orduantxe egingo da kanpoko zerbitzuen kontratazinoa. Beraz, une honetan, lehentasun nagusia herriko norbanako eta alkarteen proposamen eta aurrekontu zehatzak jasotea da. Honeek zezeilaren 13a baino lehen aurkeztu behar dira, Turismo Bulegoan.

Hurrengo hileotan egingo diran egitasmoen artean bi dira aitagarrienak: bata, ‘Ondarroa Erdi Aroan’ izenburuagaz, OHZ alkartearen bidez Ondarroako ikastola eta eskolei eskaini nahi jaken berbaldi multzoa; eta bestea, Erdi Aroko Kale Ikuskizunen Tailerra. Tailer honek lau atal izango ditu: malabarrak, akrobaziak, maskarak eta ahotsa, bakotxa zortzi ordukoa. Tailerra Nahia Iparragirrek zuzenduko dau, aspaldidanik Erdi Aroko ikuskizunen munduan sartuta dabilen ondarrutarra. Ikastaro honeetan 1993an edo lehenago jaiotakoek baino ezin izango dabe parte hartu, Erdi Aroko Jai Egunean ikuskizuna eskaintzea baita helburua. Matrikula sinbolikoa 10 eurokoa izango da, eta ikastaroa amaitzen dabenei itzuli egingo jake. Izena Turismo Bulegoan emon behar da, zezeilaren 27a baino lehen.

OH-681 Herri Batzordean herriko hainbat taldek parte hartzen dabe (20tik gora) eta guztiak aitatzea luzeegia litzateke. Bilera orokorra hileko lehen eguaztenetan izaten da Guzur-Etxean, eta azpibatzordea eguaztenero batzen da. Azken hau be izaera edegikoa da eta bere zeregin nagusia, bilera orokorrean jasotako proposamenak dinamizetea eta lotzen joatea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu