Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilerea desegin da, 30 urteko ibilbidearen ostean

Lekeitioko Euskal Zine Eta Bideo Bilerea 2008-02-07 17:30   Barriak

2007ko zemendiaren 20 eta 26 bitartean ospatu genduan XXX. Euskal Zine eta Bideo Bilerea azkena izan zala esateko kaleratzen dogu agiri hau hiru hamarkadaz euskera hutsez egin izan dogun jaialdi honetako antolatzaileok.

2007ko zemendiaren 20 eta 26 bitartean ospatu genduan XXX. Euskal Zine eta Bideo Bilerea azkena izan zala esateko kaleratzen dogu agiri hau hiru hamarkadaz euskera hutsez egin izan dogun jaialdi honetako antolatzaileok. Ez da erabagi honen arrazoia parte hartze urria edo kalidadearen beherakadea. Ez da ikusleek ez deuskuela laguntzen, ez. Gure jaialdiak urteetan ezer erakutsi badau hiru ezaugarri horreek euskeraz egindako lanakaz buztartzen jakin dauela da, eta igazko edizinoa izan da lanik gehien. Kalidade aldetik, barriz, azken urteotan Euskal Herrian ikusentzunezko lanek izan daben gorakadea gurera be heldu zan. Lanen batez besteko ontasuna goranzko bidean zala erakutsi genduan, baita ondoren beste jaialdi batzuetan, nazinoartekoak tartean, izan daben harrera ezin hobea.

Horren guztiaren adibide modura jarten ditugu Aitzol Aramaio edota Gentzane Agirre. Bata nahi bestea lea-artibaitarrak; lehenengoak bere lehenengo film luzea plazaratuko dau laster; bigarrena pausu sendoak emoten dabil ikus-entzunezkoen munduan. Biak Euskal Zine eta Bideo Bileran ibilitakoak eta saridunak. Biak, gurera etorri ezean be, ikus-entzunezkoen munduan arrakastea lortuko ebenak, baina Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilereari esker Bizkaiko gune honetan eta hainbat lagunen artean euren pelikulak erakusteko modua izan dabenak. Euren antzera, eta bakarrak ez diralako, aitatu geinkez Ane Muñoz, Basurdea, Loturak e.a.; Begoña Vicario, Goya baten irabazlea; edo super 8an lan egiten eben Tatus Fombellida, García Arroyo , Jose Antonio Uriarte (Itxaso), Jose Ramon Txopitea, Juanjo Elordi, Juan Miguel Gutiérrez, Miguel Angel Kintana, Iñigo Kintana, Iñaki Beraetxe, Treku, Jon Grande, Josu Eizagirre, Elizondo familia, Logela Multimedia, Carlos Eriz, Xabier Iñarrairaegi, Pello Larrañaga, Xabier Larrañaga, J.A. Seoane, Azpeitiako Zine Kluba, Joseba Uberuaga (Munitibar), Erentzun Ikastola, Azkue Ikastola, Eve Tramullas, Irakasle Eskola, Mikel Fernández, Fultxo Crespo, Mikel Clemente...

Egileen zerrendea oso luzea da eta Lekeitioko Antzokian, frontoian eta Ikusgarri areto eta kantxetan emon ditugun lanen kopurua, barriz, holako bi edo hiru biderrez handiagoa.

Ez. Gure ixteko arrazoiak beste batzuk dira; baten bat positiboa eta beste mordo bat nekosoak eta abrozidutera eroan gaituenak. Onen aldean jarri behar dogu orain 30 urte bizi genduan egoerearen ondoan gaurko euskeraz egindako lanen kopurua, behar bestekoa ez izanda be, askozaz hobea dala. Alde horretatik, gitxi izan bada be, gure lanak zer edo zer balio dauelakoan gagoz eta, ondorioz, pozik.

Baina, badira, esan legez, abroziduteraino eroan gaituen kontuak. Nagusienetarikoa laguntzinoa eza ez, baina txikia bai. Diru eskean ibiltea inoren gustukoa ez bada be, ekin eta ekin ibili arren, azkenean emoitza txikia izateaz gan, denporaz kanpora badator, amorrazinoa eta etsipena berandu baino lehen ate joka hasten dira. Beti ibili izan gara aurrekontu estu eta laburretan, gastuak guztiak minimorik txikienera mugatzen ahaleginak eta bi egiten. Honetan, igazko aurrekontuan desorekea izan genduan, hartutako diru-laguntzinoen eta gastau beharreko euroen arteko desorekea, sekula baino handiagoa izan da. Eta nahikoa da.

Diruen kontua okerra izanda be, txarragoa izan da guretzat urteetan agintarien aldetik izan dogun kasurik ia eza. Zenbat bider jo izan dogu agintarien ateetan gurera etorteko (besterik ez, etorteko baino ez) konbita egiteko. Kostata eta behin edo behin bakarrik etorri izan jaku Aldundiko diputaduren bat. Jaurlaritzatik inor. Euskal ikusentzunezko lanen zabaltzerako planetan edo euskal kultura sustatzeko asmoetan egin izan diran proiektuetan, barriz, gure ekarpena ez da eskatu be egin. Jarraitu geinke, baina nahikoa da.

Azken lerroak irakurrita baten batek pentsau leike erabat erreta goazela, eta dana ez da hori. Nahiago dogu pentsau, eta horretan gagoz, gure ekarpentxua eginda goazela eta guk bidean itxitako lekukoa baten batek (edo batzuk) hartuko dauela. Edozein modutan, gure eskerrik onena eta beroena egile eta ikusle guztiei, ahaztu barik laguntzinoa emon deuskuen hainbat eta hainbat persona eta erakunderi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu