'Musika-Música' jaialdiak Franz Schubert musikaria omenduko dau

Bizkaie! 2008-01-30 14:52   Musikea

Jaialdiaren zazpigarren edizinoak, 'Schubert Vienan' izenburupean, Vienako aldiaren eta XIX. mendeko aldi erromantikoaren bitarteko musika-trantsizinoari jagokozan lanik bikainenak entzuteko aukerea eskainiko dau zezeilaren 28tik martiaren 2ra bitartean.

Bilboko 700-III Millenium Fundazinoak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzinoagaz antolaturiko 'Musika-Música' jaialdiaren zazpigarren edizinoak, 'Schubert Vienan' izenburupean, Vienako aldiaren eta XIX. mendeko aldi erromantikoaren bitarteko musika-trantsizinoari jagokozan lanik bikainenak entzuteko aukerea eskainiko dau zezeilaren 28tik martiaren 2ra bitartean.

Aurtengo programan, konpositore eta piano-jolearen lanak interpretauko dira; Mozart bera baino konpositore emonkorragoa izanik, pianorako sonata ugariz, ganbera-orkestra, sinfonia eta mezetarako musikaz osotutako altxor parebakoa itxi eban Schubertek.

Aurreko edizinoaren arrakastearen ostean (30.000 lagun baino gehiago joan ziran eta 22 kontzertu-areto erabat bete ziran), 'Musika-Música' jaialdia Bilboko kultur eskaintzan sartu eta hiru egunetik laura luzatu da aurten, artista eta kontzertu kopurua handituz.

El Correo egunkariaren eta Radio Bilbaoren lankidetzeagaz, programea 63 kontzertuk osotzen dabe, aurreko edizinoan baino zortzi gehiago; bertan, nazinoarteko ospe handiko 550 artista inguruk Austriako konpositorearen lanik nagusienak interpretauko ditue.

Herri-filosofiagaz bat etorriz, edozein publikok ordaintzeko moduko prezioan lehen mailako konposizino eta artistez gozetako aukerea emotea da 'Musika-Música' jaialdia erakargarri egiten dauena. Sarrerek 5 eta 9 euro bitartean balio dabe.

Aurtengo edizinoan bertoko artistek be parte hartuko dabe kontserbatorio eta musika eskolen ikasleen jaialdiaren bidez. Azken urteetan EAEko zein inguruko komunidadeetako kontserbatorioen parte-hartzea handituz joan da. 2008an 500 musika-ikasle izango dira eta, publikoari kontzertuak eskaintzeaz gain, musikari profesionalakaz berba egin eta programa profesionalaren pieza desbardinak doban entzuteko aukerea izango dabe.


Musikea etenik barik

2008ko 'Musika-Música' jaialdiak musika etenik barik eskainiko dau lau egunez: egueneko 19:30ean hasi eta domekako 19:30ean amaituko da. Jaialdia Euskalduna Jauregiko bost aretotan egingo da. Halanda be, Auditorium nagusia nabarmendu behar da. 2.000 ikusle baino gehiagorako edukiereagaz eta 2.100 metro koadro dituan eszenatokiagaz, leku horretan Schuberten maisulanak eskainiko dira: nazinoarte mailan ospe handia daben orkestrez eta ahotsez lagundutako koru-kontzertuak eta sinfoniak.

Bestalde, eta edizino guztietan egin ohi danez, Arenaleko Kioskoan kontserbatorio eta musika-eskoletako ikasleen interpretazinoak eskainiko dira.

Bilbon izango diran Europako orkestren artean, besteak beste, Varsovia Sinfonia, Das Neue Orchester, Wutembergeko Ganbera Orkestra edo Bordele Akitaniako Orkestra Nazionala dagoz, Jacek Kaspsyk, Christoph Spering, Ruben Gazarian eta Kwame Ryan maisuek zuzenduta, hurrenez hurren. Bilboko Orkestra Sinfonikoa be egongo da, Manel Valdiviesoren zuzendaritzapean, baita Bilboko Korua be, Iñaki Morenok zuzenduta.

Ganera, areto paralelo bitan, maisu handiakaz batera, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Asturias, Errioxa, Kantabria eta Gaztela eta Leongo kontserbatorio eta musika-eskoletako ikasleen kontzertuak ikusteko aukerea egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu