Loan talde bilbotar gazteak lan barria atara dau

Gotzon Uribe 2008-01-30 12:13   Musikea

Bilboko rock gogorraren eszeneak azken boladan emon dauen talderik esanguratsuena da Loan. 'Kobazuloan saiakerak' izeneko lana Santanderreko Odio Sonoro diskoetxearen eskutik atara dabe.

Bilboko rock gogorraren eszeneak azken boladan emon dauen talderik esanguratsuena da Loan.

Bilboko talde gazteak azken aldian entzun doguzan metal eremuko disko interesgarrienetako bat argitaratu barri dau Santanderreko Odio Sonoro diskoetxearen eskutik: 'Kobazuloan saiakerak', zortzi pieza pisutsu eta indartsu diseinu txukuneko diskoan batuta.

'Kobazuloan saiakerak' diskoaren aurretik demo bat argitaratu eben, 'Hautsa' izenekoa; 2006ko apirilean grabau eta zuzeneko emonaldietan baino ez zan banatu. Metal estiloko taldea dogu Loan, baina hori esatea taldearen izaerea eta musikea erabat murriztea litzateke. Hortaz, ez da bape justua Loan-en estiloa definidutea. Bilbotarrek noise-rock pisutsua egiten dabe, tarte psikodelikoak, hard rock riffak, pasarte lisergikoak edota, lantzean behin, post-rockera hurreratzen diran elementuak batzen ditue.

Bilboko Koba estudioetan grabau dabe diskoa Xanperen (PiLT) gidaritzapean. Alderdi teknikoaz eta nahasketaz arduratu da Xanpe. 2005ean batu ziranetik, makina bat kontzertu emon ditue, Euskal Herrian batez be. Besteak beste, honako talde honeekaz jo dabe: Unsane (AEB), Suma (Suedia), Moho (Madril), Positiva eta Ximel (Bilbo), Royal Canal (Iruñea).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu