Bilbao Film Commissionek hogei bat film, telesaio eta iragarkiren filmazinoa tramitau eban 2007an

Bizkaie! 2008-01-23 15:01   Barriak

Bilbo uria filmaketa-kokagunetzat bultzatu eta sustatzeko asmoz Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpe sortu dan Bilbao Film Commission (BiFiC) izeneko ikusentzunezkoen sustapenerako udal bulegoak hogei bat film, telesaio eta iragarki filmetako baimenak tramitau zituan igaz

Bilbo uria filmaketa-kokagunetzat bultzatu eta sustatzeko asmoz Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpe sortu dan Bilbao Film Commission (BiFiC) izeneko ikusentzunezkoen sustapenerako udal bulegoak hogei bat film, telesaio eta iragarki filmetako baimenak tramitau zituan igaz. Hiru film luze eta beste horrenbeste labur, nazinoarteko telebistek produzidutako bi dokumental eta ETBrentzat egindako dokumental bat, TVE eta Cuatro kateen zenbait telesaio, bideoklip musikal bat eta hamar bat erreportaje korporatibo eta telebistarako iragarki dira Bizkaiko uriburuan 2007 urtean mamitutako ‘ikusentzunezko ondarea’.

BiFiCek aholkularitza eta informazinoa emoten deutse Bilbon filmaketak egin gura dituenei. Proiektu hau Bilboko Udalak bultzatu dau Kultura eta Hezkuntza Sailaren bitartez, ‘Guggenheim efektua’ dalakoaren ondorioz uriaren inguruan sortu dan nazinoarteko irudia sustatzeko asmoz eta efektu horren iraupena luzatzeko uriaren mesedetan.

Zinemaren alorrean, hiru izan ziran Bilbon filmautako eszenak tartekatu zituen film luzeak. Lehenengoa, honezkero estreinauta dagoana, Txarli Llorentek eta Omer Oke Eusko Jaurlaritzako Inmigrazino zuzendari-ohiak egindako ‘Querida Bamako’ izan da. Bilbo eszenatokitzat aukeratu daben beste bi film luzeak postprodukzino prozesuan dagoz: ‘Alma sin dueño’, Tinieblas Gonzalezen debuta, eta Aitzol Aramaioren ‘Un tranvía a SP’. Lehenengoak gau osoa egin eban metroko geltoki batean filmetan, eta horrezaz gan, kanpoko filmaketak egin zituan Deustun, Santutxun eta Naxako geltokian; Unai Elorriagaren eleberriaren moldaketarako, barriz, Zorrotzaurre eta Pio Baroja Plazea aukeratu zituen eszenatokitzat.

Saio dokumentalei jagokenez, BiFiCek Bilbon filmau gura eben nazinoarteko telebisten eskaerak jaso zituan. Urriaren hasieran, Japoniako TBS kateko lantalde bat etorri zan Bizkaia aldera Gizateriaren Ondare izentautako Bizkaia Zubiari buruzko dokumentala egiteko asmoz, eta bidez batez, Zazpi Kaleak, Guggenheim Museoa, Zubi Zuri eta zenbait eraikin bereizgarriren irudiak be hartu zituan.

Bigarren eskaerea BBC telebista britainiarrak egin eban, BBC Arts kanaleko lantalde batek estadu espainiarreko arteaz eta arkitekturaz egiten ari dan sail baterako. Kasu honetan, Artxanda, Zazpi Kaleak, Abando eta Indautxuko leku batzuk eta, Guggenheim Museoa izan ziran BBCko kamerek zemendiko lehen astean aukeratu zituen eszenatokiak.

Bilbon 2007an grabau zan hirugarren dokumentala, ETBk Museoaren sorrerearen X. urteurrenari begira grabau eban ‘Amets baten historia’ izenburukoa izan zan.


Publizidadea: iragarkiak eta argazki-saioak

Publizidadea be garrantzi handiko sustapen baliabidea da herritarrakan dauen zabalkunde-ahalmenagaitik, eta honek be Bizkaiko uriburuaren aldeko apustuari eutsi eutson 2007 urtean. Danetara, bost izan ziran Bilbon osorik edo zatika grabautako iragarkiak, Mediterranioko Aurrezki Kutxa, Kanpo-Merkataritzearen Institutua (Icex), Endesa eta Estaduko Loteria eta Apustuen Erakundea lako markak tarteko dirala, bai eta bideo korporatiboa Kobetamendiko Parkean filmau eban Bizkailur enpresea be. Bideoan egindako iragarkiakaz batera, Vodafonek, Mercedesek, Red Bullek edo Arteak (Athleticen emakumezko taldeagaz ataratako egutegirako) Bilbo aukeratu eben eszenatokitzat euren produktuen sustapenerako argazki-saioak egiterakoan.

Horrezaz gan, kamerek hiru film labur grabau zituen Bilboko kaleetan, baita ‘El Ojo Público’ (TVE-1) eta ‘Campeonísimos’ (Cuatro) telesaioak eta DYA, Bilbao Bizkaia Kutxaren mendeurrena edota ‘BBK Live rock’ jaialdiari buruzko filmaketak be. Era berean, ‘Estatuas de Sal’ taldeak Bilbo aukeratu eban bideokliparen munduan debuta egiteko, eta produkzino horrek sari nagusia lortu eban Vodafonek antolatutako Estadu mailako lehiaketan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu