Heath Ledger, 'Brokeback Mountain' filmeko protagonistetako bat hil da, 28 urtegaz

Bizkaie! 2008-01-23 14:14   Barriak

Poliziak aktoreak Manhattanen (New York, AEB) eukan apartamentuan topau dau hilda. Hasierako hipotesien arabera, bere buruaz beste egin du aktoreak edo, bestela, gaindosiak jota hil da. Izan be, botikak topatu ditue gorputik hur.

Heath Ledger aktorea, Brokeback Mountain filmeko protagonistetako bat, hilda topau dabe bart Manhattanen (New York, AEB) eukan apartamentuan. 28 urte baino ez zituen eta Hollywooden etorkizun handikoa zen, adituen esanetan.

Polizia apartamentura ailegau danerako, hilda egoan Ledger. New Yorkeko Poliziaren arabera, bere buruaz beste egin du aktoreak edo, bestela, gaindosiak jota hil da. Izan be, botikak topatu ditue gorputik hur.

Ang Lee zuzendariaren pelikulan izandako rolak (cowboy homosexualarena) egin eban ezagun baina orain be hainbat film garrantzitsu zituan estreinau barik. Batman superheroiaren inguruko The Dark Knight filman (udaberrian estreinauko dabe) Joker gaiztoarena egin eban.

Ang Leeren filman egindako lanagaitik Aktore Onenaren Oscar saria eskuratzeko izentauta egon zan Ledger. Pelikula horretan ezagutu eban Michelle Williams, gerora emaztea izango zana eta haregaz alabea (Matilda izenekoa) izan eban. Dana dela, bikotea igaz banatu zan.


Hollywoodeko izarra izateko hautagai sendoa

10 Things I Hate About You(1999) nerabe filmagaz hasi eban bere ibilbidea zineman. Handik gitxira, Mel Gibsonegaz batera lan egin eban The Patriot filman.

A Knight's Tale (2001) lanean protagonista lana egin eban eta Monster's Ball pelikula bikainean be Billy Bob Thorntonek protagonistearen seme moduan agertu zan.

The Four Feathers(2002), Ned Kelly edo The Order filmetan parte hartu eban baina, dana dala, Ang Leeren Brokeback Mountain-ek emon eutson merezitako fama.

Javier Bardemi Oscarretarako izentapena emon deutson No Country for Old Men lanari ezetza emon eutson.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu